I. NOKA Mentoring zezeilaren 18an hasiko da

Bizkaie! 2019-01-23 11:54   Zinemea

Programan Estibaliz Urresola, Itziar Leemans eta Tamara Lucarinik parte hartuko dabe.

Epaimahaia Maialen Belokik (Donostia Zinemaldiaren zuzendariordea), Pau Guillének (Zinegoak zinema-jaialdiaren zuzendaria) eta Constanza Arenak (CinemaChile agentziaren zuzendari exekutiboa) osotu dabe, eta hiru opera prima aukeratu ditue (fikzino-lan bi eta dokumental bat), guztira aurkeztutako 17 lanen artetik. Laguntza personalizatuko programa honetan, zinemagile honeek parte hartuko dabe: Estibaliz Urresola (Laudio, 1984), Itziar Leemans (Donoibane Lohizune, 1983) eta Tamara Lucarini (Basauri, 1987).

Estibaliz Urresola Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziatua da EHUn; Zinemagintzako Zuzendaritzako masterra eta Film Businessekoa egin ditu Bartzelonako ESCAC zentroan. Bere ibilbidean zehar, ikus-entzunezkoen hainbat formatu landu ditu, fikzinozko Adri film laburra (ShortCat, Gaudí sarietarako hautatua), Voces de papel film luze dokumentala (64. Donostia Zinemaldian estreinautakoa, Zinemira sailean; dokumental onenaren Urrezko Txapelaren irabazlea, Bartzelonako zinemaldia.cat), edota Nor Nori Nork film labur dokumentala (Alcances 2018rako hautatua, Lekeitio Bideo Bilera). Sortzaile legez ez eze, zuzendari-laguntzaile edota script legez be jardun dau hainbat film luze zein laburretan.


Horrezaz gan, ikus-entzunezkoen pedagogian be ibilten da, PIXELATU kolektiboaren barruan. NOKA programara, 20.000 especies de abejas izeneko fikzino-proiektua aurkeztu dau. Lucíak bost urte ditu, eta eskola-jazarpena bizi dau. Udea noiz helduko amorratzen dago; izan be, gurasoak banandu ostean, amaren herrira joango da, Euskal Herrira, bizitza barri bati ekiteko. Ez da, ostera, Lucíak espero bezain erraza izango, ezta bere ama Mirenentzat be. Familiaren etxera itzultzean, garai bateko gatazkak piztuko jakoz Mireni bere amagaz.

Toulouseko Unibertsitatean Historia ikasketak amaitu ostean, Itziar Leemansek Kubako EICTV zentroan jarraitu eban prestakuntzea. 2014an, Parque Lenin izeneko lehenengo lana zuzendu eban, Kubako migrazinoari buruzko dokumental intimoa. Film luze dokumental onenaren saria eskuratu eban Moskun, 2016an. Handik bi urtera, 2018an, Nuestro recuerdo izeneko film luze kolektiboan parte hartu eban eta hori izan zan zuzendu eban lehenengo fikzinozko film laburra. Gaur egun, bigarren dokumentalaren produkzino-lanetan dabil.

Aukeratutako dokumentala, barriz, Tamara Lucarini zinemagile gazteak defendiduko dau. Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua da EHUn, eta, Europa aldean denpora bat emon ostean, EHUra bueltau zan Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egitera. Beti izan dau interesa zinemagintzearen munduagaz, eta Ikus-entzunezko eta ikuskizunetako proiektuen errealizazinoa modulua amaitu eban 2016an; haregaz lotuta, Banatu Filmak etxean egin zituan praktikak, eta haren katalogoko film laburren banaketa-lanetan jarduten dau. Gaur egun, Banatu Filmak etxeko banaketa-arduradun lanak egiten ditu Aitor Arenasegaz batera, eta amaitu barri dau lehendabiziko film laburra: No es coma. El Paso dokumentalak zinemagilearen familiako kontakizuna egingo dau. Aitona zana, Joaquín Lucarini eskulturagilea, orain 50 urte hil zan; ez eban ezagutu.


NOKA Mentoring

Helburua topagune edegiak sortzea da, ikus-entzunezko ekintzaileek eta ibilbide autortua daben mentoreek alkarregaz jardun deien. Prestakuntzako lehen etapea gidoia eta tratamendua egitera bideratua da, eta parte-hartzaileek Celia Rico (Viaje al cuarto de una madre), Meritxell Colell (Con el viento) eta Marina Stavenhagen (Viaje redondo) egileen laguntzinoa izango dabe. Programan parte hartzeko hautatuek, era berean, astebetez jardungo dabe aurrez aurre lanean mentoreen eta parte-hartzaileen arteko harremanean, izan be, konfiantzea eta alkarrizketea dagozalako lan onak sortzeko oinarrian.

Programaren gainerakoari dagokionez, datak eta izenak aurreratzeko moduan gara. Zuzendaritza-faserako (tonua, ikuspegi bisuala, ikuspuntua eta abar), Anahí Berneri (Alanis), Garbiñe Ortega (Punto de Vista zinema-jaialdiaren zuzendari artistikoa) eta Mercedes Álvarez (El cielo gira) izango dira, apirilaren 8tik 12ra bitartean. Produkzino-etapeari jagokonez, bagilaren 3tik 7ra bitartean, Itziar García Zubiri (Arena Comunicación), María Zamora (Avalon Producciones) eta Luisa Romeo (Frida Films) izango dira hautatutako mentoreak. Laguntza-prozesuaren azkeneko zatia, filma nazinoartean zabaltzeko eta banatzeko estrategiekin lotua, urrian izango da, Silvia Iturberen (aholkularia) eta Marta Articaren (Golem Distribución) eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu