'Roma' eta 'The Favourite', Oscar Sarietako protagonistak

Bizkaie! 2019-01-23 11:43   Zinemea

Hamarna izendapen daukiez zezeilaren 24ko galarako.

Yalitza Aparicio, 'Roma'-n | Ikusi handiago | Argazki originala

Ameriketako Zinemearen Akademiak emon dau 91. Oscar Sarietako hautagaien zerrendea. Estadu Batuetatik kanpoko zuzendariak protagonista izango dira, Alfonso Cuaron mexikarraren Roma eta Yorgos Lanthimos greziarraren The Favourite diralako izendapen gehien batu dituenak, hamar bakotxak. Zuzendari onenaren kategorian hautagai dira biak.

Oscar Sarietako kategoria nagusietan lehiatu ohi diran filmen aldean desbardina da Roma. Batetik, zuri-baltzezko pelikulea da, bestetik, ordainpeko telebistearen produktua, gaur egungo jokeren adierazgarri. Ganera, film onenaren Oscarra irabazteko lehian sartu dan gaztelaniazko lehenengo pelikulea da. Historian, ingelesezkoak ez diran bederatzi film baino ez dira hautagai izan.

Veneziako Mostran Urrezko Lehoia irabazita doa Roma Oscarretara. Hortaz, ez dira ezustean etorri jasotako izendapen piloa. 1970eko hamarkadako Mexiko Urian, goi mailako familia baten umeak jagoten dituan andre baten istorioa kontetan dau filmak.

Yorgos Lanthimosen The Favourite, ostera, ingelesez eginda dago, zuzendaria greziarra izan arren. XVIII. mendeko Ingalaterrako goi klaseko hiru emakume dira istorioaren ardatza. Emakumezko taldeko aktorerik onenaren sarirako izentau ditue film horretako aktore bi, Emma Stone eta Rachel Weisz.

Aktore nagusien kasuan, lehiakide izango dira Yalitza Aparicio (Roma), Lady Gaga (A Star Is Born), Melissa McCarthy (Can You Ever Forgive Me?) eta Glenn Close (The Wife). Gizonetan, Christian Bale (Vice), Bradley Cooper (A Star Is Born), Willem Dafoe (At Eternity's Gate), Rami Malek (Bohemian Rhapsody) eta Viggo Mortesen (Green Book) dagoz izentauta.

Roma eta The Favourite protagonista nagusiak diran arren, beste film batzuek be izendapen piloa ditue, eta sari garrantzitsuak irabazteko aukera ugari: A Star Is Born (8 izendapen), Vice (8), Black Panther (7), BlacKkKlansman (6), eta Bohemian Rhapsody (5).

Oscar Sariak emoteko galea zezeilaren 24an egingo dabe, Los Angeleseko Dolby aretoan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu