XXX. Sabino Arana Sariak hilaren 27an emongo ditue Bilbon
2019-01-22 12:10 KultureaBilboko Arriaga antzokian, 12:00etan eta zuzenean ikusteko aukerea izango da streaming bidez.
Hilaren 27ko saioan, ondokoek hartuko dabe saria: Txomin Bereciartua abadea eta gizarte nahiz kultura eragilea, Dolores Redondo idazlea, Juanjo Mena orkestra-zuzendaria, Ana Urquijo abokatu eta Athleticeko presidente ohia, eta Michel Camdessus, NDFko zuzendari-kudetzaile ohia. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iñigo Urkulluk, jardungo dau buru ekitaldi horretan.
Sara Gandara kazetariak aurkeztuko dau ekitaldia eta Havana 537 musika-taldeak girotuko dau sariak emoteko ekitaldia..
Sartzea librea eta dobakoa izango da.
2018ko saridunak
Txomin Bereciartua
Sabino Arana Fundazinoak Txomin Bereciartuaren ibilbidea eta lan-jardun oparo zein emonkorra aintzatetsi eta saritu nahi ditu, hamaika gizarte, kultura eta hezkuntza ekimenen bultzatzaile izan dalako. Sari honen bidez, Sabino Arana Fundazinoak balioa emon nahi deutse Txominen ekinbide solidarioari eta gure herriko gizarte eta kultura-erakundeakaz hartutako konpromiso sendoari, gazteen prestakuntza eta sustapenari jagokenez, izan be, Txomin Bereciartuak gure gazteen laneratzea eta balioen inguruko heziketea bultzatu ditu aisialdiko jardueren bidez, hainbat hamarkadetan, aisialdiko alkarte batzuen sortzaile eta sustatzaile izan dalarik.
Dolores Redondo
Egun Cintruenigon bizi dan Donostiako idazle Dolores Redondo aintzatetsi eta saritu nahi izan dabe. Dolores, besteak beste, ‘Baztango trilogia’ izeneko liburu-sailaren egilea da, hau da, azken urteotan gaztelaniaz idatzitako liburu arraskatsuenetakoen egilea. Literaturako sari eta autorpen ugari jaso ditu, miloeka irakurle ditu munduan, historian, liburu gehien saldu dauen euskal idazlea da eta munduko bazter guztietako 30 argitaletxek baino gehiagok argitaratu ditue donostiarraren lanak. Horregaitik guztiagaitik, Dolores Redondo literaturearen olinpoan dago gaur egun. ´Baztango trilogia` Doloresen literaturako lan bikainenetakoa dagu, irakurlea erakarri, liluratu, txunditu eta hunkitu egiten dauen bitxia. Ganera, Baztan harana zabaldu dau mundu osora eta mundu-mailako zabalkundea emon deutse euskal Pirinioetako enkantuari eta bertako jentearen bihotzari.
Juanjo Mena
Juanjo Mena zuzendaria aintzatetsi eta saritu nahi dabe munduko orkestra ospetsuenak zuzentzen egindako lan bikainagaitik. Zeregin horretan, bidenabar, Juanjo Menak Gasteizen eta Euskadiren oihartzuna eroan ditu munduko agertoki garrantzitsuenetara eta, hortaz, estimu handian dabe gasteiztarra musika klasikoaren zaleek eta adituek. Juanjo Menaren ibilbide bikain eta egundoko gaitasunari esker, lehen urratsak Bilboko Orkestra Sinfonikoan egin zituan arabar kosmopolita honek munduko orkestra sinfoniko onenetako batzuk zuzendu ditu, besteak beste, Berlingo Filarmonikoa, Milango Scala, edo BBCko Filarmonikoa. Batuta miresgarria eta, ganera, musikearen zabalkundeagaz eta arteen nahiz kulturearen sustapenagaz lotuta.
Ana Urquijo
Ana Urquijo aintzatetsi eta saritu nahi izan dabe, bardintasuneranzko bidean, hesiak apurtzen aurrendaria izan dalako, gizonezkoak oraindino be nagusi diran arloetako zuzendaritzetan, besteak beste, kirolaren eta lan-munduaren esparruetan. Anaren konpromisoari eta borondate sendoari esker, arinago beste emakumerik sekula heldu ez zan lekura heldu zan: lehen emakumea izan zalako Athletic taldearen zuzendaritzan (1990), lehen presidenteordea, eta lehen mailako euskal talde baten (Athletic) presidentea, 2006. urtean. Era berean, lehen emakumea izan zan Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren zuzendaritza taldean, 1987an. Ana adibidetzat hartuta, Sabino Arana Fundazinoak aintzat hartu nahi ditu egunero-egunero kristalezko sabaia apurtzen daben emakume guztiak, eta euren eredua, eskarmentua eta konpromisoa eskaintzen deutsiez gizarte bardinkidearen auzolanari.
Michel Camdessus
Sabino Arana Fundazinoak Michel Camdessus, euskal herritar unibersala eta, XX. mendearen azken herenean, munduko ekonomiaren eragile nagusietakoa, aintzatetsi eta saritu nahi dau, garapen-eredu inklusiboaren aldeko ekarpenagaitik. Altxorreko zuzendari eta Frantziako Bankuko gobernadore izan zala, Europako ekonomiaren eta diruaren batasunean parte hartu eban; geroago, Nazinoarteko Diru Funtseko zuzendari-kudeatzailea zala, eginkizun garrantzitsua izan eban antxinako sobietar herrialdeak merkatu-ekonomiara igaroteko laguntzen. Merkatuak darabilen oihanaren legearen aurrean, edozein prezioren trukeko mozkinak handiagotzearen aurrean eta eredu neoliberal edo zentralizatuen aurrean, garapen-eredu inklusiboa aldezten dau Camdessusek, eredu horrek personen duintasuna eta gizarte-kohesinoa bermatzen ditualako. Michel Baionan sortu da eta, aurreko guztiaz gan, erabat lotuta dago hurreko inguruneagaz eta eta gure herriagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!