Azkuna Zentroa, gizartearen eta kulturearen arteko 'lokailu'
2019-01-15 12:30 Kulturea2023ra arteko Proiektu Programeak aldaketak dakarz.
Bilboko Azkuna Zentroak hurrengo urteetan hartuko dauen norabidean barri emon dabe Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Fernando Perez zentroko zuzendariak. 2019tik 2023ra arteko Proiektu Programearen bidez, eredu barri bat martxan jarriko dabela aurreratu dau Perezek, gizartea eta kulturea ekintza guztien erdigunera ekarrita.
Hain zuzen be, gizartea eta kultura garaikidea buztartuko dituan lokailua izango da Azkuna Zentroa, eta eragina izango dau ingurunean, gizarte sortzaile, kritiko eta askotarikoa lortzeko. Programazinoa egonkorra izango da, Azkuna Zentroa forma artistiko barrien epizentroa izan daiten, bertokoa eta nazinoartekoa orekatuta, eta Bilboko beste espazio batzuetara zabalduko diran jarduerak ahaztu barik.
Programazino kulturalean sei ildo zehaztu ditue, alkarren osogarri: Arte garaikidea, arte biziak, zinema eta ikus-entzunezkoak, gizartea, kultura digitala eta literaturea. Egitaraua zeharkakoa izango da, hau da, beti hartuko ditu kontuan balio batzuk, berbarako, gizartearen ahalmen kritikoa bultzatzea.
Bestetik, Azkuna Zentroa Artxiboa sortuko dabe, proposamen artistiko garaikideak hiru ikuspegitatik ulertzen laguntzeko: Artxibo instituzionala, zentroan izandako produkzino artistiko garaikidearen alkargunea, eta sorkuntzako eta bitartekaritzarako tresna legez. Artistek erabilteko moduko edukiak eskainiko ditue, eta memoriaren bermatzaile izango da. Argitalpenen zerbitzu barria Artxiboari lotuta egongo da.
Hurrengo urteetako plangintza barria gogoeta luze baten emoitzea da. Zentroko lantalde osoak hartu dau parte, eta kanpoko kontrastea be landu dabe. Holan, erabiltzaileek, artistek, sektoreko profesionalek, administrazinoko ordezkariek, zentro artistikoek eta abarrek emon dabe eretxia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!