Apirilaren 12an zinema-aretoetara helduko da 'Soinujolearen semea'
2019-01-15 08:28 ZinemeaBernardo Atxagaren liburuan oinarritutako filma Fernando Bernuesek zuzendu dau.
Azken ikutuen faltan, Soinujolearen semea zinema-aretoetara helduko da laster. Durangoko Azokan aurrestreinaldia egin eben, eta jaialdi batzuetan be parte hartu dau, baina proiektuaren arduraduek azaldu dabenez, apirilaren 12a izango da aretoetako estreinaldi ofizialaren eguna. Nahi dauenak, Hego Euskal Herriko hainbat zinema-aretotan ikusi ahal izango dau pelikulea egun horretatik aurrera.
Bernardo Atxagaren liburuak pantaila handira egokitzea publiko zabalagana heltzeko bidea da, Asteasuko idazleak daukan ospea kontuan hartuta. Haren liburu gehiago be egokitu izan ditue zinemarako, Montxo Armendarizen Obaba esaterako. Soinujolearen semea-k, liburuan ez eze, antzerkian be arrakastea izan dau. Hortaz, pantaila handira eroatea izan da hurrengo pausua.
Filma Fernando Bernues donostiarrak zuzendu dau, zineman zein antzerkian ibilbide luzea dauen profesionala berau. Patxo Telleriak idatzi dau gidoia. Hiru sasoitan kokatu dau istorioa: Protagonisten umezaroan, 20 urte inguru dituenean, eta 50 urteren bueltan dabizanean.
Aktore nagusiak Aitor Beltrán, Iñaki Rikarte, Cristian Merchán, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernués eta Eneko Sagardoy dira.
2003an argitaratu eban Bernardo Atxagak Soinujolearen semea nobelea. Autorearen obra personalenetako bat dala dinoe adituek, Obabakoak liburuagaz hasitako zikloa zarratzeko asmoz idatzia. Euskal gatazkearen kontestuan, lagun biren istorioa kontetan dau, 1930eko hamarkadan hasi eta XXI. menderaino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!