Urtarrilaren 11n estreinauko da 'Asterix: edabe magikoaren sekretua' filma euskeraz

Bizkaie! 2019-01-11 12:33   Zinemea

Zinema Euskeraz programeak hiru estreinaldi komertzialen barri emonez hasi dau urtea.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hezkuntza Politika Sailak, Zineuskadiren bidez, familia osoarentzako filmak jarri ditu herritarren esku euskeraz EZAE aretoen sareagaz egindako alkarlanari eta Hiru3 Umeak katearen laguntzinoari esker.

Gaur, urtarrilaren 11n, euskeraz estreinauko daben Asterix: edabe magikoaren sekretua (Vértice Cine) filmaren oinarria René Goscinny eta Albert Uderzo frantziarrek sortutako komikietako Astier-en jatorrizko idea da. Luis Clichy zuzendariak Pariseko Mikros Image estudioan animatzaile lanetan pilatutako artea jarri dau film honen esku. Pixarren filmeetako batzuetan lan egin izan dau aurretik: Wall·E, Up edo Ratatouille. Orain be Alexandre Astier eta Louis Clichy dira zuzendarikideak, izan be, 2014an lan bera egin eben Asterix: jainkoen egoitza filmagaz.

Hurrengo edabea preparetako migurea eta beste osogai batzuk hartzeko arboletan gora doala Panoramixek min hartzen dauen unea da filmaren abiapuntua. Horrek erretiroa hartu beharko leukela pentsarazoten deutso eta horretarako bere sekretu baliotsua eskuordetzeko ikasle bat topau behar dau. Baina ez da erraza izango gitxieneko baldintzak beteten dituan druida gazte bat topetea: Asterix eta Obelix Galia osoan egingo dauen bidaian lagun izango ditu. Erromatarren tropak mila eta behin aldiz gainditzea ahalbidetu deutsien misterioa babestu ahal izateko beharrezko talentua eta zintzotasuna dauen bateren baten bila dabilzan bitartean, hainbat herrixkatan izango dira. Baina ganerakoek herrixkan geratu dan edabearen erreserbakaz bizirik irautea lortu beharko dabe. Giro horretan, behin-behineko lider izentauko dabe bardoa.


Estreinaldiak

Zezeila be estreinaldiz beteta helduko da: Dragoi Bola Super: Broly eta LEGO Filma 2 filmak zezeilaren 1ean eta 8an estreinauko dira hurranez hurran. Dragoi Bola Super: Broly filmaren zain jarraitzaile piloa dago. Film horretan, Brolyk, Gokuk eta Vegetak, beste behin, euren botereak gainditu eta Super Saiyan Jainkoa eta Ultra Instinto teknikak menperatu beharko ditue. Suntsipenaren jainkoek be ezin ditue erabat kontrolau teknika horreek, baina kontrolauezina dan arerioari aurre egiteko hori lortu beharko dabe. Ikusle kopuruari jagokonez, mundu mailan sekulako erantzun ona izan dauen LEGO Filma 2 filmari jagokonez, istorioak Bricksburg-eko heroiak batuko ditu horrenbeste maite daben uria salbetako. Bost urte igaro dira jazoera sinistezin hareetatik eta herritarrek beste mehatxu erraldoi bati aurre egin beharko deutsie: kanpoko espaziotik heldutako LEGO DUPLO inbaditzaileak etorri dira eta ganerakoek berreregiteko daben gaitasuna baino bizkorrago suntsitzen dabe guztia.

Asterix ondokoetan estreinauko da datozen egunetan:

Urtarrilaren 11n:

Printzipe Zinemak (Donostia), Golem Alondigan (Bilbo), Zornotza Aretoan eta Zugaza Aretoan (Durango).


Urtarrilaren 19an:

Oñatiko Zineman eta Zumarragakoan,


Urtarrilaren 26 eta 27:

Olalde Aretoan (Mungia).

 

Zineuskadik diruz lagundu ditu 36 zinema-areto

Zineuskadik, Eusko Jaurlaritza partaide dan Ikus-entzunezkoen Sektoreko Plataforma Publikoak laguntzetan 160.000 euroko inbersinoa bideratu dau zinema-aretoek Europako eta Iberoamerikako filmen kopietara sarbidea izan deien.

Zineuskadik nabarmendu dauenez, hitzarmen horretan jasota dago Zinema Euskeraz programako filmen kopiak alokatzeak eragindako gastuak diruz laguntzeko kontu-saila. Deialdia igaz egin eben eta jasotako proposamenak eta dokumentazinoa aztertu ostean, Zineuskadi Alkarteko Zuzendaritza Batzordeak laguntzen zerrendea argitaratu dau.

Deialdiak laguntzen modalidade bi batzen ditu. Lehenengoa gehienez hiru pantaila dituen zinema-aretoetarako da. Baldintza legez, 2017ko irailaren 1a eta 2018ko bagilaren 30a bitartean, euren programazinoaren % 35 Europako edo Iberoamerikako filmek bete behar eben gitxienez. Guztira, laguntza hori 31 aretok jaso dabe eta zenbatekoa 132.000 € artekoa izan da.

Bigarren modalidadean, barriz, hiru pantaila baino gehiagoko zinema-aretoak dagoz eta ezarritako epe horren barruan programazinoaren % 50 gainditu behar eben. Kasu honetan, laguntzinoa 5 aretok jaso dabe eta laguntzinoa 28.000 €-koa izan da.

Jasotako proposamen guztien artean, guztiek bete dabe deialdian ezarritako filmen
ehunekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu