Karmelo C. Iribarren eta Santos Zunzunegi aurrez aurre 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenean

Bizkaie! 2019-01-11 11:46   Kulturea

José Fernández de la Sota idazleak gidatuko dau hitzordua.

Eztabaidak Literatureagaz, jentaurreko barriketearen bitartez literaturako zenbait figurarengana hurreratzea proponiduten dauen Bilboko Udalaren ekimenak, datorren martitzenean, urtarrilaren 15ean, emongo deutso hasierea hamahirugarren edizinoari, Poesía y ensayo, cuestión de géneros izenburupean, Karmelo C. Iribarren eta Santos Zunzunegi 2018ko Euskadi Literatura Saridunak, batuko dituan topaketeagaz. Karmelo C. Iribarrenek literatura kategorian irabazi eban saria, Mientras me alejo poema liburuagaz, eta Santos Zunzunegik saiakera kategorian, Bajo el signo de la Melancolía lanari esker.

Ohikoa danez, topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera libreagaz, leku guztiak bete arte. José Fernández de la Sota idazle eta poetea ibiliko da moderatzaile lanak egiten, eta literatura generoen eta euren hibridazinoari eta literaturearen sorkuntzarako etiketak beharrezkoak diran ala ez gaiari buruzko barriketea ekarriko dau. Ez dira faltako zinemeari eta literatur generoakaz eta literaturearen historiako korronte sortzaileakaz dituan lotura aberasgarriei buruzko aitamenak.


Karmelo C. Iribarren (Donostia, 1959)

Estaduko poesiaren ikur izan da azken hamarkadotan. Gaur egun, belaunaldi barriaren erreferenteetako bat da, haren hiperrealismo zorrotzagaitik. Erabat autodidaktea, iturgin, liburu saltzaile eta ostalaritzako zerbitzari izan zan. La condición urbana (Renacimiento) lanetik Mientras me alejo (Visor) lanera, hamar poema liburu baino gehiago idatzi ditu, baita prosea be, Diario de K (Renacimiento) lana, hain zuzen be. 2018an, Eusko Jaurlaritzeak emoten dauen Euskadi Sariaz gan, Espainiako liburu-saltzaile independenteek (CEGAL) emoten daben Los Libreros Recomiendan saria irabazi eban, Mientras me alejo poema-liburuari esker. Horrezaz gan, Melillako Uriko Nazinoarteko Poesia saria irabazi dau, Un lugar difícil lanagaz.


Santos Zunzunegi (Bilbo, 1947)

Zuzenbidean lizentziatua eta ekonomialaria Deustuko Unibersidadean, Santos Zunzunegi idazlea eta zinemearen historialaria da. EHU/UPVko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko Ikus-entzunezko Komunikazino katedraduna da, eta bertako dekano be izan da. Horrezaz gan, irakasle gonbidatua izan da París – Sorbonne Nouvellen, École Normale Supérieuren, Genevan eta Buenos Airesen, besteak beste. Aitamen berezia merezidu dabe Pensar la imagen, Metamorfosis de la mirada, La mirada plural saiakera lanek eta Robert Bresson eta Orson Welles monografiek. Haren irakaskuntzea eta saiakeragile lanagaz batera, hainbat egunkaritan idazten dau, eta zutabe bat dauka Cahiers du Cinema / Caimán Cuadernos de Cine argitalpenean. Horrezaz gan, zinemarako hainbat gidoi idatzi ditu.

2007ko urtarrilean, ekimena martxan jarri ebenetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 300 egile inguruk hartu dabe parte, eta 10.000 persona baino gehiago hurreratu dira barriketaldietara. Gaur egun, egitarauaren helburua literatureagaz bat egiteko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina batzuk lotuz, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, topaketa bakotxera gonbidautako personakaz jentaurreko barriketaldiak eginez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu