Bilboko Udal Etxebizitzen historia, Bizkaia Aretoan

Bizkaie! 2019-01-11 09:43   Kulturea

Zezeilaren 7ra arte egongo da erakusketea.

Alfonso Gil zinegotzia, inaugurazinoan egondako beste batzuei azalpenak emoten (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak mendeurrena bete dauenez, erakusketea ipini dabe EHUk Abandoibarran daukan Bizkaia Aretoan. Bertan, erakunde horrek sustatutako eraikinek lagatako eragin bikotxa nabarmentzen da: Politika sozialak eta uriaren arkitekturea. Euskal Herriko Arkitektuen Alkargoaren Bizkaiko ordezkaritzeak eta Bilboko Udalaren menpeko Udal Etxebizitzak erakundeak antolatu dabe ekimena.

Erakusketeak amaiera emongo deutse Bilboko Udal Etxebizitzak tokiko organismo autonomoaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiei, eta Euskal Herriko Arkitektoen Alkargoaren BIA-Urban Regeneration Forum dalakoaren III. edizinoaren barruan antolatu dabe, arkitekturea sustatu, zabaldu eta ikertzeko asmoz.

Ehun urteko bidearen atzera begirakoa da, funtsean, Bizkaia Aretoko erakusketea. Sasoian sasoian Udal Etxebizitzek urian izan daben eragina aztertu eta kontestu historikoan jarri dabe. Sei aldi nagusi bereizi ditue, bakotxa bere bereizgarriakaz.

Erakusketeari esker, sasoi bakotxean Bilboren politika sozialetan etxebizitzok izan daben garrantzia agirian geratzen da, eta arkitektura zein funtzino aldetik erakundea zelan aldatu dan be ikusi leiteke. Horretarako, paneletan atondutako argazki zaharrak erabili ditue, baita ikus-entzunezko baliabideak be. Jarduera interaktibo batzuk be badagoz.

Udalak emondako datuen arabera, gaur egun 4.100 etxebizitza dagoz erakundearen barruan, hau da, errenta sozialeko etxebizitza bat dago 83 biztanleko. Junta de Viviendas izenpean sortu eben 1918an, urian etxebizitza merke gitxi egozala ikusita. 1988an, erakundea eguneratu egin eben, eta Udal Etxebizitzak izena ipini eutsien.

Bizkaia Aretoko Txillida salan egongo da erakusketea, zezeilaren 7ra arte. Sartzea doban da. Ondoren, Euskal Herriko Arkitektoen Alkargoak Mazarredo Zumardian daukan egoitzara eroango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa