Iruña Veleiako hegoaldeko harresia barriztau egin dabe
2019-01-09 13:52 KultureaIruña Veleia Arabako ondare historiko aberatsaren altxorretako bat da.
Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen arteko lankidetzeari esker azken hileotan, Iruña Veleiako oppidumeko harresiaren hegoaldeko atea sendotu eta hari balioa emoteko proiektua gauzatu dau arkeologo talde batek. Jardun garrantzitsua da, izan be, aztarnategiaren eremurik agirikoenetako bat da, eta barruan hartzen dau aldundiak diseinautako 2010-2020 Plan Zuzentzaileak; 100.000 euroko bultzadea emongo deutso Euskadiko erakunde nagusiak.
Iruña Veleia Arabako ondare historiko aberatsaren altxorretako bat da eta, horregaitik, benetan garrantzitsua da ahalegina egitea ha gehiago ezagutzeko, sendotzeko eta hari balioa emoteko, adierazo dau Ramiro González diputatu nagusiak; Hori dala eta, Arabako Foru Aldundiarentzat balio handikoa da beste erakunde batzuek proiektu horregaz bat egitea eta babesa agertzea. Beraz, benetan balioesten dogu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Arabako ondareagaz erakutsitako konpromisoa, bai Santa Maria Katedralean eta Artiumen, bai Iruña Veleiako aztarnategian.
Aldundiak beti egin dau aztarnategiaren alde. 2009an, Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailak Euskal Herriko Unibersidadeko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailari eskatu eutson aztarnategirako jarduteko proiektu orokor bat idazteko, 2010-2020 aldirako Iruña Veleiako Plan Zuzentzailearen onespenean ikusi ebana argia, eta aztarnategiaren alde egiten jarraitzen dogu sendo. Hortaz, egiteko dogun gauzetako bat da, laster, datozen urteetarako plan barri bat, erantsi dau.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu dau jardun hori oso garrantzitsua dala Iruña Veleiari balioa emoteko: Arkeologoek azaldu dabenez, azken hileotan gauzatutako esku-hartzea oinarrizkoa da Iruña Veleiako hegoaldeko harresia sendotzeko eta eremu hori agirikoago egiteko. Lan horreeei esker, pausu bat aurrera egin da aztarnategi hori babestu eta jagoteko lanean eta, era berean, bisitariei aukerea emon jake hobeto ezagutzeko zelan bizi ziran leku horretan erromatarren garaian. Eusko Jaurlaritzeak oso garrantzitsutzat jo dau jardun hori, ahalbidetzen deuskulako balioa emoten jarraitzea Euskadiko erromatarren aztarnategi arkeologikorik garrantzitsuenari: Iruña Veleiari.
Iruña Veleiako monumentu multzoa Arabako Lurralde Historikoko zona arkeologikorik zabalenetako bat da, izan be, aztarnategiak 126 hektarea inguruko azalerea izan leike, gaur egun babestuta dagoan oppidumaren mugetatik askoz harago. Hain zuzen, hiruki formako eremu zabala hartuko leuke Iruña Okan, Zadorra ibaiak Tresponde eta Billoda herrien artean eratzen dauen meandroan, muga ibaia bera eta A-3302 errepidea izango leukezalakrik, gitxi gorabehera. Hiruki horren erdialde inguruan dago barruti harresitua, Iruñeko oppidum izenez ezaguna dana, baina aztarnategia ipar-mendebalderago be badoa, Arkizko muinoa igarota, eta hegoalderantz be bai, aitatutako errepiderantz aldatzean behera datozen mendi hegal leunak hartzen dituala. Hegoalde parte horretan dagoz proiektuaren helburu diran elementuak: hegoaldeko atea eta oppidumaren hego ekialdeko horma atalak.
Monumentua hauskorra danez, lan asko eskuz egin dira, eta kontu handiz zapaldu da monumentua, jatorrizko egiturako elementuak mobiduteko arrisku handia egon baita. Ganera, bertara heltzea gatxa danez, makinak erabili behar izan dira monumentua inguratzeko, eta ez da pisu handiko ibilgailurik erabili, egiturak ez kaltetzeko. Berreregite lanek oinarrian izan ditue azterlan arkeologikoaren emoitzak eta indusketea zuzendu dauen arkeologo taldeak eta proiektua idatzi dauen taldeak —Oscar Reinares buru zala— ezarritako jarraibideen arabera egin dira lanak.
Lehenik eta behin, obrea behar bezela gauzatzeko egin beharreko aldez aurreko lanak eta lurrak mobidu zituen, tartean ziralarik harresiaren eta atearen aurreko asfalto geruzea eraistea, jardun eremuan sastrakak eskuz kentzea eta garbitzea, betegarriak kentzea eta, gero, zirkulazino bidea (cursum) barriro jartea, azaldu dau arkeologoak.
Lehendik egozan egituretan esku-hartzeak egiteko eta fabrika barriak eregiteko, desmuntatze arkeologikoko lan zehatzak egin zituen, betegarriak barriro jarri eta gailurrak sendotu; eta hori guztia egitean, behar bezela babestu ziran induskatutako eremuak, xafla geoehunezkoak erabiliz eta hautatutako betegarrien bidez.
Material horreek lehengoratzeko, harlauzazko harlangatxa eta kareharrizko harlandua erabili zituen, aztarnategian antzeko lanetan orain arte erabili diranen antzekoak, bai eta kare hidrauliko naturalezko morterozko piezak be. Ganera, lerro bat markau eben jatorrizko materialaren eta material barriaren artean, eta beira zuntza dauen poliester sare bat jarri zan, aukerea izateko material bien arteko aldeak ikusteko.
Ondoren, jatorrizko materialak onik jagoteko lan zorrotzei heldu jaken, hau da, hutsarteak, arrakalak eta pitzadurak zarratu ziran, eta, amaitzeko, harlanduzko lan barriaren gainazala tindatu zan hori-okrezko eta lurra integrauta geratzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!