Joseba Asironek eta Martintxo Alzuetak 'III. Euskal Herriko historia ilustratua' aurkeztu dabe

Bizkaie! 2019-01-04 13:25   Kulturea

Historia liburua da hau, liburu zientifikoa, benetako jazoera eta datuetan oinarrituta. Erraz irakurri eta ikustekoa.



Marinelak, matxinoak, sorginak eta ilustratuak, Euskal Herriko Historia Ilustratuaren hirugarren liburukia plazan dago honezkero. Joseba Asironen eta Martintxo Alzuetaren lan barria salgai dago liburu-dendetan. Urtarrileko liburu gomendatua izan da Txalaparta Klubean.

Hemen da azkenean Euskal Herriko Historia Ilustratuaren hirugarren liburukia, Joseba Asironen eta Martintxo Alzuetaren proiektu handi eta preminazkoa. Asironen kasuan, herriaren deadarrak, eta, Alzuetaren kasuan, aitatasunarenak, atzeratu egin dabe hirugarren liburu hau, gure iragana birsortzeko lan honetan jarritako autoexijentzia gero eta handiagoa be ahaztu barik. Orain arte egindako lana bikaina izan da, baina orain aurkeztutakoak aurreko guztia gainditzen dau. Baleazaleen, marinelen, konkistatzaileen, abenturazaleen urdinkarak eta kostaldeko nahiz Iparraldeko herrien nabarrak bete ditue orain orriak, aurrekoetako barrualdeko Erdi Aro nafar haren tokian.

Ezohiko ikerketa lanaren emoitzea, berbek ilustrazinoei bidea emoten deutsee obra honetan, irudietan batuz estreinekoz Euskal Herriko jazoera historiko garrantzitsuenak eta gure historiaren egiazko protagonistei arpegia jarriz.


Euskal Herriko historia ilustratua III

Zelakoa izan zan Matalazen matxinadea? Kondairek dinoen bezain epiko eta arriskutsua ete zan balea-kazea? 1808an, Donostia erre ebenean, zelan ikusiko zan dana airetik, eta zelakoa zan bertako kale Nagusia suntsitu aurretik? Zelan egin zan 1794an, 4.000 lapurtarren lekualdatze behartua, Munduteguy jeneralak agindutakoa? Nafarroako Erresumea 1521ean konkistau ondoko urteak gorabehera sozial eta politiko handikoak izan ziran Euskal Herrian, gatazkaz eta gerraz beteak. Alde batean, herri apal eta pobrea, gehienbat baserritarrak, abeltzainak eta arrantzaleak, eta, beste aldean, eliteak. Espainiako nahiz Frantziako inperioen asimilazinoaren eta estadu bien errepresino bolada gogorren artean. Testuinguru horretan, mueta guztietako personaiak sortu ziran: abenturazaleak, nabegatzaile handiak eta baleazaleak, emakumezko lehen idazleak, sorginak eta belagileak, konkistatzaileak, gerrilariak edo matxinoak...

Joseba Asironen eretxiz, Historia liburu bat da hau, liburu zientifikoa, benetako jazoera eta datuetan oinarrituta. Erraz irakurri eta ikustekoa.


Joseba Asiron Saez (Iruñea, 1962)

Artearen historian lizentziau zan Zaragozako Unibersidadean. Nafarroako Unibersidadean egin eban doktoretzea, Nafarroako Erdi Aroko torretxeak ardatz hartuta. Hainbat lan kaleratu ditu bakarrik edo alkarlanean, besteak beste, Nafarroa, amets urratua (Elkar, 2012) komikia, 50 fechas clave de la conquista de Navarra (Txalaparta, 2013) eta Euskal Herriko historia ilustratua (Txalaparta, 2014) Martintxo Altzuetarekin batera eta Agur, Iruñea (Txalaparta, 2014). Nafarroa Bizirik eta Nabarralde alkarteetako kide da, eta zenbait egunkaritan artikuluak idatzi eta zutabegilea izan da, besteak beste, Adiós Pamplona atala Diario de Noticias egunkarian. 2015eko bagiletik aurrera Iruñeko alkatea da.


Martin Alzueta Martintxo (Iruñea, 1972)

Hainbat komunikabidetan kaleratu ditu bereizgarri bihurtutako orio-pinturak, berbarako, Nabarra eta La Voz de la Merindad aldizkarietan eta Berrian eta Egunkarian. Horreetan guztietan kritika sozial eta politikoa eta umore grafikoa landu ditu, batetik bestera saltoka. 2008an, Joseba Asiron ezagutu eban, eta alkarregaz Amaiurko gaztelua berreregi eben marrazki bidez, eta Amayur. Los últimos navarros (Txalaparta, 2008) liburuan argitaratu. Lau urte geroago, lagun bien eskutik heldu jakun Nafarroa, amets urratua (Elkar, 2012) komikia eta horren gaztelaniazko bersinoa, eta 2013an, barriz, 50 fechas clave de la conquista de Navarra (Txalaparta).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu