Azpitituluak.eus bizibarrituta dator

Bizkaie! 2019-01-04 09:53   Zinemea

Urtebeteko geldialdiaren ostean, eduki barria sartzen hasi dira.

'Toni Erdmann' euskerazko azpitituluakaz ikusi leiteke orain | Ikusi handiago | Argazki originala

10. urteurrena betetear egoala, Azpitituluak.com proiektua geratu egin zan, Luistxo Fernandez arduradunak ez ebalako lekukoa hartuko eutsan gazterik topetan. Mila pelikularen euskerazko azpitituluak publikoaren eskura ipini eta gero, etena etorri zan. Urtebete geroago, barrrio jarri dabe martxan, orain Azpitituluak.eus izenagaz, domeinua aldatu deutsie eta.

CodeSyntax enpreseak hartu dau egitasmoaren ardurea, eta dirulaguntza deialdi bati esker, webgunea barritu ahal izan dau. Material barria be sartzen hasi dira: 22 pelikularen fitxak eta azpitituluak. Tartean dagoz Toni Erdmann komedia alemaniarra, Fences dramea eta Italiako zientzia fikzinoaren klasiko bihurtu dan La Decima Vittima.

Hurrengo asteetan eduki gehiago sartuko dituela agindu dabe arduradun barriek. Ehun film ingururen azpitituluak eta telesailetako 50 bat kapitulutakoak gehitzea da asmoa. Games of Thrones sailaren zazpigarren denporaldikoak dagoz horreen artean, Gaztelugatxen grabautakoak hain zuzen. Horrezaz gan, proiektuaren hasieratik eskuragarri egon dan material guztia (mila film) formatu barrira aldatuta topauko dabe erabiltzaileek.

Orain arte legez, edozein erabiltzailek ekarpenak egin ahal izango ditu, izena emon ezkero. Azpitituluak sartu ez eze, albisteen atala hornidu ahal izango dabe boluntarioek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu