Punta Begoñara egindako bisitak % 25 gehiago izan ziran 2018. urtean

Bizkaie! 2019-01-03 11:50   Kulturea

Inkestan parte hartu dabenen % 94k esan dau bisitea gomendagarria dala.



2018. urtean, 15.000 persona baino gehiago bertaratu ziran Punta Begoñako galeriak bisitetan; aurreko urteagaz konparauta % 25 gehiago. Askok beren kabuz (euskarri digitalen laguntzinoagaz) edo bisita gidatuan bisitau dabe, baina beste askok, ostera, arrazoi ezbardinak izan ditue, eta, besteak beste, ondokoak dira horreetako batzuk: tailer didaktikoak, eskola-bisitak, unibersidade-masterrak, antzezlanak eta erakusketak edota diseinuari, modeari, Getxoko historiari, bertoko toponimiari, emakumeek galerien historian daben garrantziari, inguruari edo euskerea sustatzeari lotutako jarduerak.

Danetara, 100 ekimen antolatu dira 2018. urtean, izan be, 100 urte bete dira Galerien proiektua diseinau zanetik. Programautako ekimenei jagokenez, ondokoak izan dira batzuk: mikroantzerkia, GetxoPhoto, UPV/EHUren Zientziaren Astea, Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak edo UNESCO Sarearen Euskal Autonomia Erkidegoko topaketea.

Gizartearen parte-hartzea be nabarmendu behar da, batez be, GetxoPhotoko Itxialdia vol.6 edo Oheak diralakoetan, Euskaraldia Sorginzulon antzerki-emonaldian, Ondareari buruzko Europako Jardunaldietako Punta Begoña emakume ahotsagaz erakusketan, bisita toponimikoetan edo Zientziaren Asteko Punta Begoña, zientzia zoragarria 65.000.000 urtean zehar ibilbide didaktikoan; izan be, leku guztiak bete ziran. UPH/EHUn hauxe nabarmendu dabe: Punta Begoñan jarduerak egiteko gero eta proposamen sozial eta kultural gehiago jaso ditugu, eta horreek obrakaz bateragarriak diran neurrian antolatzen ditugu. Udalak Punta Begoñagaz konpromisoa erakutsi dau, herritarrentzako espazio legez; zaharbarritzea egiterakoan eta ondoren, gitxienez, 50 urtez erabilera sozial, kultural eta turistikoak edo zerbitzu publiko bati jagokozanak errespetau beharko dira; konpromiso horri esker, Punta Begoñaren oraina eta etorkizuna finkatu dira, getxotarren eta bisitarien esanetara dagoan topagune legez.


Egindako esku-hartzeak eta bisitarien jatorria

2018. urtean, monumentua ikustera etorritako personen % 65ek Euskaditik egin eban, eta gehienak bizkaitarrak izan ziran. Halan da be, beste autonomia-erkidego batzuetatik be gero eta bisitari gehiago datozela ikusi da, berbarako, Madril, Gaztela eta Leon, Katalunia edo Andaluziatik. Inkestan parte hartu dabenen % 94k esan dau bisitea gomendagarria dala, eta % 84k barriro etorriko dala, edo, behintzat, horretarako asmoa daukala.

Punta Begoña bisitau ebenek honako esku-hartze honeek ikusi ahal izan zituen 2018. urtean: aretoa irazgatx egitea; goiko espazioan Abrako badiaren gaineko behatokia eregitea; hegomendebaldeko galeria atondu eta zurkaiztea (moda zein diseinuari lotutako jarduera eta erakusketetarako asko eskatutako espazio bihurtu da); zeramikak eta marmolak garbitzea; edo iparraldeko lorategian hondeatzea, izan be, baliabide historiko barri bat gehitu jako proiektuari, arkeologia mailan dauen garrantzia kontuan izanda.

Gaur egun, abian da aretoko leihateak finkatzeko obrea. Dibulgazinoko erispideakaz egin da, eta, esaterako, han bertan lantzen da arotzeria; holan, bisitariek eta tailer didaktikoko parte-hartzaileek obrearen zehetasunak bertatik bertara ikusi ahal izango ditue. Zaharbarritzeari esker, erabilera soziokultural gehiago izango ditu, bizigarritasuna hobetu baita.

Eusko Jaurlaritzeak Euskadiko proiektu estrategikotzat hartu dau, eta 2018ko Arkitektureari eta Urigintzeari buruzko Espainiako Biurtekoan be estaduko proiektu arkitektoniko garrantzitsuenetako eta gardenetako bat dala adierazo dabe. Esangura horretan, honako honeek ekarriko ditu 2019. urteak: aurrerakuntza garrantzitsua eta aitagarria obran, Europako prestakuntza-proiektu legez eratzea, ikerketa arkeologikoaren emoitzak gizarteari helarazotea, eta prozesua gero eta gehiago edegitea kultura-jardueretarako eta herritarren proposamenetarako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu