Gernika eta Lumo oinez batuko ditue hilaren 13an

Bizkaie! 2019-01-03 07:58   Kulturea

Urteroko ibilaldia antolatu dau Gernikazarra Historia Taldeak.

Lumo (argazkia: Leioa MT) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gernikako uriak eta Lumoko eleizateak 1882ko urtarrilaren 8an egin eben bat, dekretu bidez. Harrezkero, udalerri bakarra izan dira, Gernika-Lumo. Alkartu ziraneko urteurrena gogoratzeko, Gernikazarrak urtero antolatzen dau ibilaldia udalerriko lurretatik, eta aurtengoa urtarrilaren 13an izango da, goizeko 09:00etan hasita, Gernika-Lumoko Udalaren laguntzinoagaz.

Udaletxetik abiatuko dira parte-hartzaileak, Lumorantz. Bidean, ikusten dituen eraikin zaharren ganeko azalpenak eta historiaren inguruko zertzeladak emongo ditue Gernikazarra taldeko adituek. Esate baterako, Lumoko udaletxe eta ospitale zaharrak bisitauko ditue, eta antxina Gernikaren eta Lumoren lurrak banatzen zituen mugarri batzukaz be topo egingo dabe.

Lumo eta Errigoiti parteko parajeetatik ibili eta gero, Lurgorri eta Aranatik bajatuko dira, ondoren San Pedro Lumora joateko. Antolatzaileek uste dabe 12:30ak alderako amaituko dabela ibilaldia. Parte-hartzaileei mendiko botak eta jantzi aproposak eroateko eskatu deutsie.

Hamarkada bat pasautxu daroa Gernikazarrak urtero ibilaldia antolatzen, Gernika eta Lumoren historian erabagigarria izan zalako 1882ko dekretua. Ordura arte banatuta, eta sarri alkarren kontra, ibilitako udalerri biek bat egin eben, beharrak bultzatuta.

Erdi Aroan, Lumok itsasadarrean eukan portua zan Gernika. On Tello kondeak 1336an Gernika uribildu izentau eta foruak emon eutsazanean banandu ziran. Harrezkero, Gernika bihurtu zan eskualdeko buru, eta Lumo nekazari-herri txikia izan zan luzaro. Udalerri bien arteko gorabeherak ugariak izan ziran, harik eta 1882an bat egin eben arte: Gernikak arau eta kokapen aproposak zituan industria erakarteko, baina lurrak falta; Lumogaz bat eginda konpondu eben hori.

Harrezkero, beraz, Gernika-Lumo izan da udalerri batuaren izena. Uribilduan dagoz udaletxea, zerbitzuak, dendak... baina Lumoko herriak bere izakereari eutsi deutso, itsasadarraren ganeko muinoan. Hori guztia ezagutzeko aukerea emongo dau Gernikazarrak hilaren 13an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu