Labrazako Foruaren pergaminoa erosi dabe

Bizkaie! 2018-12-28 09:15   Kulturea

Labrazako Forua aparteko garrantzia dauen testua da Euskadiko Erdi Aroko Historian.

Eusko Jaurlaritzeak, Arabako Foru Aldundiagaz lankidetzan, Labrazako Foruaren pergaminoa erosi dau; Antso VII.a Azkarrak emon eutson Foru hori 1196an Arabako San Cristobal de Labraza herriari. Segurutik XIII. mendeko kopia bat dan pergamino hori abenduaren 19an erosi eben Madrilgo enkante-etxe batean, eta 9.325 euro pagau ziran. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak pagau dau diru-kopuru hori ondare baliotsu hori Euskadiko Artxibo Historikoak jagon daian.

Labrazako Forua XX. mendean desagertu zan (ez da data zehatza jakin) Arabako Errioxako herri horretatik, eta Madrilgo enkante-etxe batean topau eben Arabako Errioxan bizi diran eta historia maite daben hainbat personaren lanari esker: Labrazako alkatea, Juan Manuel Martínez; Oiongo Udaleko artxibozaina, Alicia Marin Perez; José Ángel Chasco etnografoa; eta Pedro Uribarrena historialaria. Arabako Foru Aldundiak emon eutson egoerearen barri Eusko Jaurlaritzeari, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kultura Ondareari buruzko legeek lehentasunez erosteko emoten deutsien eskubidea gauzatzeko.

Agiri hori Euskal Herriko Erdi Aroko populaketearen inguruan ezagutzen dan zaharrenetako bat da, eta berreskuratzea, beraz, betebehar bat izateaz gan, Euskadiko Dokumentu Ondareari egindako ekarpen garrantzitsua izan da. Euskadiko Artxibo Historikoaren zuzendari Borja Aguinagaldek joan dan astean erosi eban pergaminoa.

Labrazako Forua aparteko garrantzia dauen testua da Euskadiko Erdi Aroko Historiaren ikuspegitik, eta Nafarroako erregeak, Antso VII.a Azkarrak, emon eutson San Cristobal de Labrazari 1196an. Testua latinez idatzita dago, eta erregearen ikurra agertzen da bertan: arrano baltz bat beheko aldean, erdian; eta Krismoi bat goiko ezkerreko ertzean. Arauak, besteak beste, herriko biztanleen arteko alkarbizitzra arautzen dau; horrezaz gan, testuak horreen eskubideak eta betebeharrak jasoten ditu, euren usadio eta ohitura onetatik abiatuta.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruk azpimarratu dauenez, eragiketan garrantzizkoa izan da erakundeen arteko lankidetzea: Labrazako Foruak garrantzi handia dau Euskadiko Erdi Aroko Historiaren ikuspegitik, eta Euskadiko Artxibo Historikoak, zelan ez, ondare hori babestearen aldeko apustua egin behar dau. Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen arteko lankidetzea funtsezkoa izan da eragiketa hori ahalbidetzeko. Horrezaz gan, eskerrak emon behar deutsaguz agiri hori topau ebenei: Labrazako alkateari, Juan Manuel Martínezi; Oiongo Udaleko artxibozainari, Alicia Marin Perezi; José Ángel Chasco etnografoari; eta Pedro Uribarrena historialariari, esan dau.

Arabako Foru Aldundiaren aldetik, Igone Martinez de Luna Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak adierazo dau Arabako historia islatzen dauen dokumentu garrantzitsua dala: Ezinbestekoa zan holako dokumentu bat berreskuratzea. Eusko Jaurlaritzea eta gu geu Udalagaz eta Administrazino Batzordeagaz batauko gara hurrengo pausuak zehazteko; helburua izango da zehaztea zer egingo dogun erosketea egin ostean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu