XVI. Zinegoak indartuta dator

Bizkaie! 2018-12-18 07:57   Zinemea

Jarduera gehiago, lantalde handiagoa eta babes sendoagoa dakarz.

Zinegoak, Bilboko LGTBI Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren hurrengo edizinoa 2019ko zezeilaren 18tik eta martiaren 3ra bitartean izango da. Orain, arte eszenikoek eta abangoardiako zinemearen OFF – Narratiba Barriak sailak leku handiagoa izango dabe jaialdian.

Zezeilaren bigarren hamabostaldian ohikoa dan legez, sexu, identidade eta genero aniztasuna jorratzen dauen zinemea maite dabenek ezinbesteko hitzordua izango dabe Bilbon, Zinegoak-en eskutik. Hurrengo edizinoak salto kualitatibo eta kuantitatiboa ekarriko dau, bai jarduerei, bai lantaldeari, bai Zinegoak Alkarteak jasoten dituan babesei jagokenez.

Hile bi falta dira baina 16. edizinoko egitaraua atontzen dabiz; aurten, filmak ikuskatzen dituenen lantaldea handitu egingo da, bederatzi kideraino. Asmoa erosoago lan egitea eta materiala banatzea da, gero eta lan gehiago jasoten dituelako. Aurten bostehun lan inguru heldu dira, film laburrak, film luzeak (fikzinoa eta dokumentala) eta proposamen eszenikoak kontauta, azaldu dau jaialdiko zuzendari Pau Guillenek. Igoera hori gero eta sendoagoak diran sail bi honeetan igarriko da argien: Arte Eszenikoak (aurreikuspenen arabera sei ikuskizun egongo dira) eta OFF – Narratiba Barriak saila, guztietatik abangoardistena.

Horrenbeste aldaketa egin arren, emonaldien egiturea bere horretan geratuko da, izan be, lehenengo astean fikzinoa jasoko da, Bilborock aretoan, Golem zinematan eta Bilbao Arte Fundazinoaren ArtHouse Cinema aretoan. Eta bigarren astean, barriz, dokumentalak eta bigarren emonaldiak −Bilborock aretoan gehienbat− eta bestelako jarduera osogarriak batuko dira.

Aste ofizial bi horreez gan, beste jarduera bi nabarmendu behar dira: alde batetik, hasiera ofiziala baino lehenagoko 3,2,1...Zinegoak!; beste erakunde, kolektibo eta alkartegaz batera antolatutako jarduera piloa da 3,2,1...Zinegoak!, eta zezeilaren 14an abiatuko da Guggenheim Bilbao Museoan egingo dan emonaldi bereziagaz. Eta bestetik, jaialdiaren ondorengo asteetan Berdindu-ren laguntzinoagaz egiten dan Zinegoak
Hedapena dogu.

Emoten dau aurten herri gehiagok hartuko dabela parte, beraz, Euskal Herriko berrogei udalerri baino gehiagotan eskainiko ditue jaialdiko lanak. Erakundeen babesa, lantaldea eta jarduera zein udalerri kopurua handitu badira, edizinoz edizino erakundeen babesa be handitzen doalako da: lantaldeak egiten dauen lan zehatza eta profesionala aintzat hartzen dala erakusten dau horrek, azaldu dau jaialdiko arduradun Pedro Andradek. Aurten, Eusko Jaurlaritzearen diru-laguntzinoetan hirugarren tokian egoteaz gan, lankide barri bat izango dogu: Europa Creativa MEDIA-Euskadi, ikus-entzunezkoaren sektorea sustatzeko Europako Batasuneko Media programearen bulegoa. Babes barri horri esker, Zinegoak-ek bere industria sortzaile lana sendotu ahal izango dau, eta, bide horretan, jaialdira datozen profesionalak eta Bizkaiko ikus-entzunezko eskoletako eta prestakuntza zentroetako ikasleak batuko ditu.

Azken buruan, laster ezagutuko dogu Zinegoak-en irudi ofiziala. Orain generoaren adierazpena irudikatuko dau, izan be, sexu aniztasunaren alderdi bat izan arren, jendartearen zati handi batek oraindino ez dau erabat barruratu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu