Zinegabonak ekimena barrituta dator

Bizkaie! 2018-12-17 10:44   Zinemea

Zozketak, tailerrak eta zinema-areto gehiago izango dira.

Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, gazteek eta familiek jaiegun horreetan plan alternatiboaz gozau ahal izateko programea egongo da abian. EZAEgaz eta EITBgaz alkarlanean, Zineuskadik Zinegabonak zikloa jarriko dau abian ondoko aretoetan: Multibox - Eitb, Donostiako Príncipe, Iruñeko Golem Baiona, Errenteriako Niessen, Zornotza, Urruñako Itsas-Mendi eta, lehen aldiz aurten, BECeko Gabonetako Parkean (PIN).

Eguaztenean, abenduaren 26an, Multibox-EITB aretoan hasiko da zinemearen eta aisialdiaren astea stop motion teknikea oinarri izango dauen tailerragaz. Tailerra Donostian, Errenterian eta Zornotzan be eskainiko dabe eta, lekuak bete arte, edade guztietako gazteek parte hartu ahal izateko moduan diseinauta dago. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da 7 urte baino gitxiagokoak heldu bategaz batera joatea. Stop motion argazki-hartualdi jarraituetan oinarritutako filmaketa-teknikea da; plano bakotxa zeozertxu al datzen da aurrekoagaz konparauta eta, holan, animazino baten ilusinoa sortzen da. Marrazki bizidunetan eta plastilinazko edo material moldagarriakaz sortutako panpinakaz egindako film laburretan ikusi geinke hori, adibidez.

Teknika horren ezaugarri ederrena honako hau da: parte-hartzaileak ez daki emoitzea zein izango dan amaituta ikusi arte. Tailerrerako beharrezko materiala Zineuskadik eskainiko deutse parte-hartzaileei zinema-aretoan bertan. Tailerren prezioa filmetako berbera izango da: saio bakotxeko 1 €-koa.

Ganera, aurten, Zinegabonak programea zabaldu egingo da arratsaldeko ordutegian (18:00) Barakaldoko BEC eraikinean egiten dan Gabonetako Parkean (PIN) eskainiko diran filmakaz. Honako honeek dira hautatutako filmak: Zikoinak (abenduaren 22an eta urtarrilaren 3an) eta Batman Lego (abenduaren 23an eta urtarrilaren 4an); film biak Warner Bros. Animation-ek produzidu ditu. Saioak doban dira egun berean PINeko sarrerea aurkeztuta.

Ganerako programazino zinematografikoari jagokonez, nabarmendu beharrekoa da familia osoarentzako filmak dirala. Esangura horretan, edade ezbardinetako ikusleek aisialdiaz euskeraz gozau ahal izango dabe lan honeekaz: Maya Erlea: ezti-jokoak (Australia, 83’), Harpetarra (Erresuma Batua, 90’), Albert (Danimarka, 80’), Richard Zikoina (Alemania, 80’), Sagu eta Pagu (Turkia, 88’), Igelen Erresuma (Txina, 86’), Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa (Italia, 120’), Axel heroi txikia (Txina, 80’), Iparraldeko Norman (AEB, 66’) eta Olentzero eta Amilaren sekretua (Euskadi, 70’).


Honako hau da tailerren eta filmen egutegia:

MULTIBOX ARETOAK – BILBO

Eguaztenean, abenduaren 26an, 11:30ean - Stop motion tailerra.

Eguenean, abenduaren 27an, 11:30ean – Paddington 2.


PRINCIPE ZINEMAK - DONOSTIA

Barikuan, abenduaren 28an, 11:30ean - Stop motion tailerra.

Zapatuan, abenduaren 29an, 11:30ean – Maya Erlea: Ezti-jokoak.


Domekan, abenduaren 30ean, 11:30ean – Igelen Erresuma.


NIESSEN ZINEMAK – ERRENTERIA

Egunean, abenduaren 27an, 11:30ean - Stop motion tailerra.

Zapatuan, abenduaren 29an, 11:30ean – Harpetarra.

Domekan, abenduaren 30ean, 11:30 – Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa.


ZORNOTZAKO ZINEMAK

Eguaztenean, abenduaren 26an, 11:30ean - Stop motion tailerra.

Zapatuan, abenduaren 29an, 11:30ean - Albert.

Domekan, abenduaren 30ean, 11:30ean – Axel heroi txikia.


GOLEM BAIONA – IRUÑEA

Zapatuan, abenduaren 29an, 11:30ean – Richard Zikoina.
Abenduaren 30ean, 11:30ean – Iparraldeko Norman.


ITSAS MENDI ZINEMEA – URRUÑA

Abenduaren 29an, 11:30ean – Sagu eta Pagu.

Abenduaren 30ean, 11:30ean – Olentzero eta Amilaren sekretua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu