Goya Sarietako zortzi izendapen 'Carmen y Lola' filmarentzat

Bizkaie! 2018-12-13 08:05   Zinemea

Arantxa Echevarria bilbotarraren lana pelikularik onenaren atalean hautagai da, besteak beste.

'Carmen y Lola' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainiako zinemagintzearen Goya Sarietako hautagaitzen barri emon dabe, eta euskal zinemea eta zinemagileak protagonista izan dira. Arantxa Echevarria bilbotarrak zuzendutako Carmen y Lola faborito handietako bat da aurtengo edizinoan, zortzi kategoriatan izendapenak emon deutsiez eta.

Film onenaren Goya Saria irabazteko zerrendan dago Carmen y Lola. Aktoreen lana be aintzat hartu dau aukeraketa batzordeak, film horretako hiru aktore dagoz izendatuta: Aktore nagusien atalean Moreno Borja; eta aktore barrien atalean, Rosy Rodriguez eta Zaira Romero. Gidorik onena, kantarik onena... beste hainbat izendapen be baditu Echevarriaren lanak.

Beste euskal film edo sortzaile batzuek be badaukiez izendapenak. Paul Urkijoren Errementari euskerazko pelikulea efektu berezien atalean aukeratu dabe. Raul de la Fuenteren Another Day of Life dokumental onena izateko lehiatuko da. Andrea Jaurrieta nafarra zuzendari onenaren atalean izentau dabe, Ana de día filmean egindako lanagaitik. Azkenik, musikearen alorrean, Alberto Iglesias donostiarrak Yuli pelikularako egindako soinu-bandea hautagai da.

Euskal zinemagintzea albo batera itxita, beste pelikula batzuek ikaragarrizko arrakastea izan dabe aurtengo izendapenetan. Danen ganetik dago Rodrigo Sorogoyenek zuzendutako El Reino, 13 hautagaitzagaz. Javier Fesserren Campeones be ez dabil urrun, 11 izendapen ditu eta.

Goya Sariak Sevillan banatuko ditue, zezeilaren 2an egingo dan galan. Andreu Buenafuentek eta Silvia Abrilek aurkeztuko dabe ekitaldia eta Narciso Ibañez Serradorri Ohorezko Saria emongo deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu