Gaur hasiko da XI. Bilbao Mendi Film Festival

Bizkaie! 2018-12-07 08:45   Zinemea

Bilboko agerraldian izango dira: Tommy Caldwell, Peter Mortimer eta Philipp Manderla.

Tommy Caldwell, horma handietako munduko eskalatzaile onena, Mendi Film Festivaleko 11. edizinoko izar handia, Bilbon da, eta komunikabideen aurrean aurkeztuko da gaur Metroan, Peter Mortimer eta Philipp Manderlagaz batera, The Dawn Wall filmako zuzendari saritua lehenengoa, eta Red Bull Media House filmaren produkzino etxe ospetsuko arduraduna bigarrena.

The Dawn Wall (Austria, 100 min.) filmaren estreinaldia (Josh Lowell & Peter Mortimer) gaur iluntzeko 19:30ean eskainiko dabe Euskalduna Jauregian.

Dawn Wall bide baten proiektua da, aspaldiko ames bat, AEBetako Yosemiteko El Capitán horman. Mundu zabaleko punta-puntako eskalatzaileen begiradea erakarri dau bideak, baina inork ez dau lortu, orain arte, bide hori eskaletea. Ezin konta ahala saialditan huts egin ondoren, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgeson eskalatzaileek aurrez sekula heldu ez ziran puntu batera hekltzea lortuko dabe, bide hori eskalau daitekeela erakusten dauen puntu batera.

Kontuak kontu, kazetariek gaur Bilbao Mendi Film Festivaleko zuzendaria, Jabier Baraizarra, izango dabe gidari Metroko bisitaldi berezian, izan be, Metro Bilbaok, egunotarako atondu dau Abando geltokia (Berastegi sarbidea) oso era berezian.

Bilbao Mendi Film Festival abenduaren 7tik 16ra egingo da aurten, 11. edizinoa. Programazinoa eta bertan ikusi ahal izango diran 57 filmen sinopsiak eta trailerrak ikusteko klik egin hemen

Euskal lanak 4 dira Sail Ofizialean: Pastoreak, Zuz: Eukeni Arriortua (Bideografik, Durango); Tor, Zuz: Mikel eta Iñaki Urresti anaiak (Garakordada, Atxondo); Marierrauskin, Zuz: Alex Areizaga eta Oier Plazaola (Gattiken, Urretxu); eta Bayandalai – Lord of the Taiga, Zuz: Pablo Vidal eta Aner Etxebarria (Old Port Films, Getxo) eta produktorea: Lara Izagirre (Gariza Films).

Mendi zinemagintzako zuzendari entzutetsuak agiri dira Sail Ofizialeko izendegian: Michael Brown, Peter Mortimer & Nick Rosen & Zachary Barr & Josh Lowell, Alastair Lee (IAMFko Sari Nagusia jasotakoa), Elizabeth Chai Varsadelyi, Jimmy Chin, Jim Aikman, Lukasz Borowski, Darcy Hennessey, Arunas Matelis, Ben Sturgulewski, Mathieu Le Lay, Lara Izagirre... Nekez gainditu ahal izango da holako mailako zerrendea. Horreetatik gehienak, Michael Brown, Peter Mortimer, Lukasz Borowski, Arunas Matelis, Ben Sturgulewski, Mathieu Le Lay eta Lara Izagirre, Bilbon izango dira euren lanak aurkezteko.

Filmetako protagonista eta atleta zerrendea be oparoa da aurten: Tommy Caldwell eskalatzailea (The Dawn Wall); Nico Favresse eta Sean Villanueva eskalatzaileak (Notes from the Wall); Kepa Acero eta Julio Villar surflari eta itsas-gizonak (En Ningún Sitio); Aymar Navarro eta Txema Trull free rider-ak (South Lines); Jean-Yves Fredriksen parapentista (Blutch); Silvia Trigueros mendiko ultra lasterkaria (Tor); Leo Houlding alpinista (Spectre); Pou Anaiak eskalatzaileak (Pim Pam Pou); David Lama eskalatzaile eta alpinista -eta baita surflaria ere- (The Search for the Wooo)...

Abenduaren 7an, Euskalduna Jauregian egingo dan Hasiera Ekitaldiko sarrerak 13€ + gastuak pagauta erosi daitekez (leihatilan 15 € ). Jaialdiko Sail Ofiziala zabalduko dauen The Dawn Wall filma proiektauko da egun horretan. Azken edizinoetan sarrerak agortu egin dira Hasiera Ekitaldirako, baita beste hainbat saiotan be. Bilbao Mendi Film Festivaleko 2017ko edizinoan 10.400 ikusle batu ziran, eskainitako edukiaren % 70 gaindituz.

11. edizinoko sarrerak www.mendifilmfestival.com bidez edo Euskalduna Jauregiko salmenta bideen bitartez erosi daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu