'Basque Selfie' filmaren gidoia eta musikea, zaleen eskura

Dabi Piedra 2018-12-04 12:57   Zinemea

CD-liburuan plazaratu dabe Agus Barandiaranen proiektua.

Agus Barandiaran, aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Korrontzi taldeko abeslari eta trikitilariaren bizipen personal bat pelikula bihurtu dabe, eta zinema-aretoetan estreinau bitartean, zaleek esku artean izango dabe gidoia irakurtzeko eta soinu bandea entzuteko aukerea. Basque Selfie-ren liburua Durangoko Azokarako dator, edizino txukun baten.

Bilboko Euskal Museoan aurkeztu dau Agus Barandiaranek liburua. Musikaria dan arren, bera da proiektu osoaren arimea, alderdi musikalean zein zinematografikoan. Goi mailako profesionalen laguntzinoa euki dau, hori bai.

Kontua da ze, orain dala bost urte inguru, familiaren baserria botetako prozesua hasi zala, egoera gatxa, Barandiaranen arabera. Baina aurrerapenaren eta tradizinoaren arteko talka horretan, istorio interesgarria egoala be ikusi eban. Joaquín Calderón zuzendari nafarragaz bat egin, eta, konturatu orduko, film baterako gidoia euken.

Soinu bandea, zelan ez, Korrontzirena da. Konponketak Xabier Zabalak egin ditu, eta nahasketak Cesar Ibarretxek. Grabazinoan Bilboko Orkestra Sinfonikoak hartu dau parte, baita euskal artista ezagun ugarik be: Garikoitz Mendizabalek, Mikel Markezek eta abar ipini dabe euren aletxua. Iraun, diskoko lehenengo abestia, pelikula honetarako beren-beregi eginda dago. Danetara, hamabi pieza dira.

Agus Barandiaran da protagonista nagusia, baina onartu dauenez, bera ez da aktore profesionala eta, horregaitik, goi mailako antzezleak nahi izan ditu inguruan. Itziar Ituño da beste protagonistea eta lantaldean dagoz, ganera, Itziar Aizpuru, Kandido Uranga, Aitor Merino eta abar. Maiatzean amaitu eben grabazinoa.

Benetako jazoera baten oinarritutako filma izanda, ahalik eta errealismorik handiena nahi izan dau Barandiaranek. Alkarrizketak elebidunak dira: Arkitektoak eta abogaduak erderaz egiten dabe berba, benetan halan izan zalako; Barandiaran eta Ituñoren arteko alkarrizketak, ostera, euskeraz dira, batez be bizkaieraz.

Basque Selfie izenburua norbere buruari begiratzeko deia da. Azken baten, Barandiaranen bizipen bat kontetan da, eta neurri baten, euskaldunok aurrean daukagun erronkearen erakusgarri be badala uste dau Korrontzikoak: Gure autoerretratua da, kritika eraikitzailea egiten ahalegindu gara, euskaldunok zer egiten gabizan eta nora goazan hausnartu behar dogu.

Proiektu hau esperientzia ahaztezina izan dala adierazo dau Agus Barandiaranek. Donostiako Zinemaldian proiektau eben lehenengo aldiz, eta harrera ona izan eban. Zinema-aretoetan, ostera, zezeilaren 8an estreinauko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu