HIESaren aurrean, kontakizun positiboak

Bizkaie! 2018-11-28 10:43   Zinemea

4. VIHsible zinema-zikloa antolatu dau Zinegoak-ek Bilbon.

Abenduaren 1ean, zapatua, HIESaren kontrako burrukearen munduko eguna dan ezkero, 4. VIHsible zinema-zikloa antolatu dau Zinegoak Alkarteak, ikus-entzunezkoen bidez publikoari GIBaren eta HIESaren mundura hurreratzen laguntzeko, begirada positiboa galdu barik. Hiru film proiektauko ditue, abenduaren 2an eta 3an, Bilborock aretoan.

LGTBI gaiak jorratzen dituan Zinegoak jaialdia urte osora zabaltzeko helburuz antolatutako 365ZG ekimenaren barruan dator zinema-ziklo hau. 365ZG-ren bidez, ikus-entzunezkoei lotutako saioak antolatzen ditue data berezietan. Esate baterako, ikusgaitasun lesbikoaren egunean edo bagilaren 28ko ospakizunetan. HIESaren kontrako burrukearen egunera be heldu da ekimena.

Begirada positibo eta umoretsu batetik heldu nahi deutsie zikloari Zinegoak-ekoek. Holan, abenduaren 2ko saioan, komedia bat proiektauko dabe, Tom E. Brown zuzendariaren Pushing dead. Arazo burokratikoakaitik tratamendua hartzeko aukerea galtzen dauen gazte seropositibo baten istorioa da. Umorearen bidez, kroniko bihurtu diran gaixo horreek jasaten daben estigmatizazinoa agertzen da.

Bigarren egunean, abenduaren 3an, dokumental bi emongo ditue, Hiru hizkiak eta Énfasis. Lehenengoa, Bizkaisida alkarteagaz lankidetzan zuzendu dabe Aitor Ferrer eta Janire Ordunak. Bigarrena Valentziatik dator. Dokumental honeen bidez, Euskal Herrian zein Valentzian GIB/HIESdunek daukien egoerea, gaixotasunak 30 urteotan izan dauen bilakaerea eta laguntzarako alkarteek egiten daben lana agertzen dira.

Abenduaren 2ko zein 3ko saioak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira. Sartzea doban da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu