’12 hombres sin piedad', Zinexit Jaildiari amaiera bikaina emoteko

Bizkaie! 2018-11-23 10:42   Zinemea

Proiekzinoa 19:30ean izango da Bilboko Azkuna Zentroan, eta sartzea doban da.



Eusko Jaurlaritzea
k bultzatutako Zinexit, Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketearen bederatzigarren edizinoaren amaierea izango da gaur, barikua, honako film klasiko bikain honegaz: 12 angry men, Sidney Lumeten maisulana, lehenengo filma eta giza eskubideen alde zinemeak egin leikenaren adibide bikaina.

Aurten, Zinexit-ek giza eskubideen ospakizun bihurtu nahi izan dau, aurten beteten baitira Nazino Batuek autorpen unibersala aldarrikatu eben 70. Urteurrena. Ospakizun honegaz eskerrak emon nahi ditugu orduko ekimen horrengaitik, baina aldi berean, arlo honetan beteteko geratzen diran erronkez jaubetu eta hareei buruzko hausnarketea be egin nahi dogu.

Henry Fonda eta Reginald Rose ditu produktore, eta azken hau gidoigilea be bada. 1957ko apirilaren 13an estreinau eben NYC-en, hiru Oscarretarako egon zan izentauta eta Berlineko Urrezko Artza irabazi eban. 340.000 dolarretako aurrekontuagaz filmau eben 17 egunetan NYeko Justizia Auzitegi Nagusiko Epaimahaiaren Aretoan.

Klasiko hau dogu zinemeak giza eskubideen alde egin leikenaren adibiderik handienetakoa eta honegaz erabagi dogu honezkero Zinexiten parte dan atal hau inauguretea. Pelikula hau ikusterik izan ez badozu, hauxe da galdu behar ez dozun aukerea. Ikusita baldin badaukazu, jakingo dozu persona baten bizitzako ordu eta erdi inbertiduteko modurik ederrenetakoa da', dinoe Zinema Erakusketa honetako antolatzaileek.


Zinexit Barakaldo, Basauri eta Gasteizera zabaldu da

Azken urteotan legez, Zinexitek beste euskal udalerri batzuetara zabalduko dau bere programazinoa, eta oso solidarioa dan zinemearen bidaia zabaltzaile honetan Barakaldo, Vitoria-Gasteiz eta Basauri gehitu jakoz aurten. Bilbon bezela, filmen emonaldien ondoren barriketaldia izango da ikusleakaz eta sartzea dobakoa izango da edukierea bete arte.

Zinema Erakusketa honen atarikoa dan Zinexit Topaketak joan dan urriaren 9an Euskadin estreinau ziran eta joan dan martitzenean Barakaldon ikusgai izan zan Razzia filma, Basauriko Social Antzokian, eskainiko da datorren astean, zemendiaren 28, 19:00retan. Filmak oso ondo azaltzen dau Maroko garaikideak bizi dauen aniztasuna, eta zuzendariaren esanetan munduaren egoerea be jorratzen dau: Aniztasuna ezabatzeak frustrazinoak dakarz eta geroago biolentzia bihurtzen dan gorrotora bideratzen dauen mundua.

Arabako uriburuko emonaldia, barriz, Florida zinema-aretoetan, hilaren 29an, eguenean, 19:30ean izango da. Bertan, Zinexiten edizino honetako programazino ofizialeko Mr Gay Syria filmaren proiekzinoa izango da, eta Bilboko emonaldian bezela, orientazino sexualarengaitik errefuxiatua dan Adolfo Guerra izango da barriketaldian.


Zinexit

Aurten bederatzigarren edizinoa bete dauen Zinexiten helburua da bizikidetzea sustatzea, gizaki guztien duintasuna eta funtsezkoak diran eskubideak errespetau, eta idea, nahi, printzipio eta balioei buruz eztabaidatzeko gune herritar eta sozialak sortuz, beti be alkarren arteko errespetuari eutsiz.

Baliabide pedagogikotzat hartutako zinemeak, errealidade desbardinetara eraldatzen dau ikuslea, bidebakokeria eta inguruagazko esangura kritikoa sortuz. Aurreko edizinoetan legez, Erakusketa honen helburua da ikusle parte-hartzaileei giza eskubideakaz eta bizikidetza demokratikoagaz zerikusia daben gaiei buruz eragin, eta, aldi berean, eztabaidarako guneak sortzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu