Zinebi 60-k ia 13.000 ikusle izan ditu
2018-11-22 13:15 ZinemeaKalidadezko zinema independentearen aldeko apustua indartzen dau kopuru horrek.
Joan dan asteko barikuan amaitu zan Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiaren, Zinebiren, 60. edizinoa. Antolatzaileek, balantzea egiteko, hainbat datu emon ditue. Batetik, ikusle kopuruarena, 12.924 lagun erakarri ditue Zinebiren proiekzino eta jarduerek, ordainpekoak zein dobakoak kontuan hartuta. Igaz baino pixka bat gehiago da.
Antolatzaileen arabera, publiko gehien erakarri daben jardueren artean euskal zinemeari lotutakoak dagoz. Nazinoarteko lehiaketako proiekzinoek eta BBK Salako Bertoko Begiradak atalak be arrakastea izan dabe. Aurten Pre-Zinebi zikloa kendu dabe egitarautik eta, halandabe, ikus-entzule kopuruari eutsi deutso jaialdiak. Kalidadezko zinema independente garaikidearen alde egindako apustua indartzen dauela dinoe antolatzaileek.
Alderdi profesionaletik be, aurtengo edizinoa esanguratsua izan da. Munduko txoko guztietatik etorritako 220 profesional eta aditu inguruk hartu dabe parte. Tartean egon dira produktoreak, zinemagileak, beste jaialdi batzuetako programatzaileak eta abar.
Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea izeneko lehenengo dokumental foro profesionala be antolatu zan jaialdiaren barruan, bertoko talentua bultzatu eta euskal zigiludun produkzino dokumentalari laguntzeko. 25 proiektu aurkeztu ziran, fororako zortzi aukeratu zituen eta, azkenean, Juan Palaciosen Meseta lanak jasoko dau laguntzinoa.
Estreinaldiei jagokenez, antolatzaileek dinoe programazinoaren heren bi Espainian lehenengo aldiz emon ziran filmak izan zirala. Kontuan izan behar da, danetara 150 pelikula inguru egon zirala Zinebi 60-n. Bereziena, beharbada, Mariano Llinás argentinarraren La flor izan zan: 14 orduko film horrek adituen kritika onak jaso zituan Bilbon.
Zinebiren zeregina ikus-entzule barriak erakartea, kulturarako sarbidea bideratzea eta Euskadiko ikus-entzunezko sektorearen dinamizazinoari laguntzea dala dinoe antolatzaileek. Helburua egungo eta etorkizuneko ikus-entzuleen begiradea heztea da, nazinoarteko erreferentziazko A klaseko jaialdia dan ezkero, mundu osoan egiten dan zinemeagaz eta zinema garakideagaz konprometiduta dagoala ahaztu barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!