ALBEk jasoko dau IX. Argia Ereiten Euskera Saria

Bizkaie! 2018-11-22 08:05   Bertsolaritzea

Sustapena, transmisinoa eta ikerkuntzea ditu ardatz ALBEk.

ALBE, Algortako Bertsolari Eskoleak jasoko dau IX. Argia Ereiten Euskera Saria, 1980an sortu zanetik euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lanagaitik. Euskerearen gizarte erabilerea babestu, sustatu edo zabaltzeko zereginetan nabarmentzeko Getxoko Udalak antolatutako sariaren IX. edizioaren emote ekitaldia zemendiaren 28an, eguaztenean, izango da, 20:00etan, Romo Kultur Etxean.

Bertso Eskolea 1980an sortu eben Trino Azkoitiak eta Andoni Iriondok euskal giroan eragiteko. Lehenengo bertso eskolak nahiko informalak izan ziran, Zabala eskolan, bertsozaleak batu, bertso papel zaharrak atera, eta horreek kantau, ondoren, kalean amaitzeko, tabernaz taberna. Urte batzuk igaro ostean, San Nikolas ikastolara pasau ziran, eta horrek aldaketa ekarri eban, eskola formalagoakaz. Orduan, 1985ean, euskaltegietatik irakasleak eta herriko gazte ugari sartu ziran, horreen artean, Joseba Santxo, gehien bat jakinminez; mundu zoragarri bat deskubridu genduan, euskera irakasleontzat ha paradisu moduko bat izan zalako, bertsoetarako euskerea ezinbesteko tresnea zalako, eta ganera Trinok esaten ebana betez, bertsotan ondo pasau behar zala.


Bertsoek ikastetxeetara salto

Beheraldi baten ondoren, erabagi zehatza hartu eben, hain zuzen be, bertso eskolak ikastetxeetara be zabaltzea. Oso harrera ona izan eben zentroetan, eta handik gitxira hitzarmen bat sinatu eben Getxoko Udalagaz herriko ikastetxe guztietan bertso eskolak emoteko, gaur arte. Gaur egun ia mila ikasle dabiz eskualde osoan, gehienak getxotarrak. Horrezaz aparte, eskola ordutegitik kanpoko bertso klaseak be egoten dira hainbat ikastetxetan, bertso teknika, errimak eta bestelakoak lantzen. Maila bi horreetatik igaroten diran zaletuentzako hurrengo urratsa ALBEn sartzea izaten da, bapateko eskolea; martitzen arratsaldeetan, Aldai Patronatuaren egoitzan (Algortako Karitate, 1) batzen dira. Gaztetxu, gazte eta nagusien taldeak dagoz, baita hasi barri batzuk be, 60 bat lagun.


Eskola ausarta eta erreferentea

ALBE eredu da Euskal Herriko eskolen artean, hiru zutabe ardatz dituala: sustapena, transmisinoa eta ikerkuntzea. Sustapenean, hasieran pare bat saio egiten ziran eta gaur egun 30etik gora (Bertso jirak, Bihotza Gazte, ALBE gala, Bertso Jaialdi Mundiala, Maratoia...), asko Euskal Herri mailakoak, inon egiten ez diranak, bereziak.

Eskoletan egiten dan lanean oinarritzen da transmisinoa eta ikerkuntza alorreko etenbako jarduna dago eskolan. Horretan eta antolakuntza lanean dabilen Goizalde Atxutegi eskolara hurreratu zan 15 urte zituela bertsotan egiteko. Horretan hainbat urtetan ibili ondoren, gai-jartzailetzan hasi zan: Uste dot eskola ausarta izan dala beti, formatu zaharrak berreskuratzeko, esaterako, Bakoitik Balkoira, eta barriak plazaratzeko; horren barruan, enblema da Bertso Jaialdi Mundiala, entzule asko batzen dituana, bertsoa jolasa izanda. Izakera barritzailea izan da iraupenaren eta egonkortasunaren motiboetako bat eta ganera giltzarria izan da ulertzea bertsozalea askotarikoa dala, eta bertso-zaletzeko be izan behar dirala saioak.

Santxo eta Atxutegi bat datoz esatean alkarlana eta talde-lana be badirala eskolearen beste ezaugarrietako batzuk, baita hartu-emonak be, norabide guztietan, erakunde publikoakaz eta herri alkarteakaz eta belaunaldiz belaunaldien arteko erreleboa bermatzea be.


Sariak ugari

Ibilbidean zehar edade eta maila guztietan sari eta txapel ugari ekarri ditue bertsolariek Getxora; Jone Uria da bat, eskolako kide askok egin daben ibilbideri ekinez, hau da, Eskolan sartu, trebatu, bertso eskolak emon eta kudeaketan eta zuzendaritza batzordean ibili. Uriarentzat txapelak eta finaletara eta final erdietara heltzea garrantzitsua da, egia da eskolearen icebergaren puntea baino ez da, baita gauza ikusgarrienetako bat be, eta garrantzitsua da herrian erreferenteak izatea. Niri lagundu eustien Fredi eta Xabi Paia erreferentetzat eukiteak, Bizkaiko txapeldun ikustea biak.... Egun Bizkaiko Txapelketako finalerditan lau getxotar dagoz.


Bertsolari gazteak euskaldun finak

ALBEren hasierako helburuetako bat izan zan euskal giroan eragitea eta hori hasieratik bete zan. Eskolan dabilzan gazteak euskaldunik finenak, konprometiduak dira. Horreetako bat da Paule Loizaga. Eskolan ahiztearen bidea jarraituz sartu zan eta horrek lagun barriak egiteko eta leku barriak ezagutzeko ateak zabaldu eutsozan. Han ikusi eban eskualdean baegoala euskeraz jarduteko era dibertigarria: Niretzat eta ganerako gazteentzat euskera hutsean bizi ahal izateko espazioa izan da, asetu egin gaitu eta herrian be eragina dau horrek. Bertso eskolan sartu nintzanetik nire kuadrillako batzuek nigaz euskeraz egiteko ohiturea berreskuratu dabelako (lehen gaztelaniaz egiten genduan). Bertso eskoleak asko lagundu dau.
Horrezaz gan, herrian egiten diran saioek bermatzen dabe herrian eskaintza euskalduna egotea. Bertso eskolearen beste ezaugarri bat da askotarikoa izatea. Bertsoek eta euskereak lotzen gaitue, amaitu dau Loizagak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu