Zemendiaren 23an estreinauko da euskeraz 'Udare erraldoiaren istorio harrigarria'

Bizkaie! 2018-11-21 10:09   Zinemea

Estreinaldi bigaz eta gazteentzako ohiko zinema-tailerrakaz emongo jako amaierea urteari

Komunikazino kulturalerako bitarteko legez euskerearen erabilerea sustatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bidez filmak eskaintzen jarraitzen dau laster ikusgai izango diran film honeen bidez: Udare erraldoiaren istorio harrigarria umeentzako filma (Danimarka) eta familia-giroko Ploey (Islandia-Belgika).

Udare erraldoiaren istorio harrigarria (Drackmagic) filma euskeraz bariku honetan, zemendiaren 23an, estreinauko dabe. Film horrek Danimarkako Akademiaren Best Adapted Screenplay saria eta Robert Best Children’s Film saria jaso ditu. Jaialdietan izan dauen ibilbide luzean nabarmentzekoak dira honako honeek be: Berlin International Film Festival jaialdiko Generation saila, TIFFeko Kids International Film Festival eta Sevilla Film Festivaleko Europa Junior saria. Animazio-lana umeei zein helduei zuzenduta dago, balio garrantzitsuak transmitiduten ditualako, besteak beste, leialtasuna, laguntasuna eta ausardia. Ikus-entzunezko egokitzapena Jakob Martin Strib idazle eta marrazkilariaren izen bereko liburuan oinarrituta dago. Liburuak estilo oso berezia dauka, eta zeozelako tonu surrealistea. Filmak Sebastian elefantearen eta haren lagun katu Mitchoren istorioa dakar. Alkarregaz bizi dira biak Sunnytownen, oso leku lasaian. Egun batean, lagunak arrantzara joango dira portura eta botila bat topauko dabe. Botilearen barruan hazi bat dago, eta mezu bat, Uharte Misteriotsutik datorrena. Abenturarako dei horri uko egingo deutsie, baina bidaia harrigarria egingo dabe azkenean euren lagun eta alkate dan JB erreskatetako.

Abenduan helduko da zinema-aretoetara Ploey be. Film honek txori gazte baten istorio ederra dakar. Haren familiak udagoienean emigrau edo hanka egiten dauen sasoian, txoria oraindino ez da kapaz hegaz egiteko; hori dala eta, Artikoko negua pasau beharko dau, arerioei aurre egin, baita bere buruari be, hurrengo udabarrian familiagaz bat egiteko. Bidean, askotariko espezieetako lagun barriak egingo ditu, eta horreek lagunduko deutsie helburua beteten. Baina... lortuko al dau txoriak familia eta benetako maitasuna ezagutzea?

Era berean, Durangoko Azokea eta Zinegabonak programea itzuliko dira, euskerazko emonaldiakaz eta familia osoarentzako zinema-tailerrakaz. Durangon, ikasleen egunean, abenduaren 5ean, da hitzordua; nerabeentzako Stop Motion tailerra eskainiko dabe.

Zinegabonak programeari jagokonez, dagoeneko iragarri daitekez egunak: abenduaren 26tik 30era izango da Donostiako, Bilboko, Laudioko, Iruñeko eta Urruñako zinema-aretoetan, Eitb eta EZAEren lankidetzeagaz. Egitaraua datozen asteetan iragarriko dabe eta Zineuskadiren webgunean egongo da ikusgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu