Giza eskubideak, pantaila handian

Dabi Piedra 2018-11-19 12:42   Zinemea

Zinexit zikloan bost film emongo ditue, eta gazteentzako jarduerak be egongo dira.

'City of Ghosts' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Asteon, hilaren 19tik 23ra egingo dabe 9. Zinexit, Alkarbizitzarako Zinema Erakusketea, Bilbon. Giza Eskubideak munduan zelan dagozan erakustea eta gizartean gogoetea eragitea da asmoa. Ganera, aurten, Giza Eskubideen Adierazpen Unibersalaren 70. urteurrena bete danez, kanpaina berezia ipini dabe martxan, Eskerrak giza eskubideei lelopean.

Zazpi hamarkada honeetan Giza Eskubideen arloan asko aurreratu dala, baina oraindino lan luzea dagoala egiteko azpimarratu dau Monika Hernandok, Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendariak. Persona guztien eskubideak aintzat hartzeko zeregin horretan, aletxua ipiniko dau Zinexit zikloak aurten be. Astelehenetik barikura, 19:30etan, proiekzino bana egongo da, doban, Bilboko Golem Alhondiga zinema-aretoan.

Aurkeztuko diran bost filmak nazinoartetik datoz, eta tartean dagoz hiru estreinaldi. Astelehenean A year of hope emongo dabe, Manila uriko kaleetan bizi diran umeen egoera gordina erakusten dauen dokumental daniarra. Martitzenean, When the war comes, Eslovakiako talde paramilitar bateko buruzagi gazteari buruzkoa. Eguaztenean, Mr. Gay Siria, Siriako homosexual errefuxiatuen ingurukoa.

Eguenean, barriro Siriara begiratuko dau Zinexitek, Daesh taldearen kalteen inguruko City of Ghosts izenekoagaz. Zikloa zarratzeko, Hollywoodeko zinema klasikora jo dabe programatzaileek: Twelve Angry Men 1957an zuzendu eban Sidney Lumetek, Henry Fonda protagonista zala, eta Zinexiteko arduradun Octavio Gonzalezen arabera, justizia eskubideaz berba egiten daben pelikulen artean aitagarrienetako bat da.

Proiekzinoen ostean, barriketaldia egingo dabe, era horretara, pelikulan agertzen diran gaiak eta balioak jorratzeko. Adituek gidatuko ditue barriketaldiok.

Beste alde batetik, ume eta gazteentzako egitarau berezia be atondu dabe. Marrazki bizidunetako Tom Txiki eta ispilu magikoa eta Saudi Arabiatik datorren Bizikleta berdea pelikulen bidez jorratuko ditue giza eskubideak. Bilboko Udalak abian ipinitako Bosa! programearen parte dira emonaldiok. Itziar Urtasun zinegotziaren arabera, prebentzinoa lantzea eta ikasle guztientzako giza eskubideak bultzatzea dira helburuak. Hamaika ikastetxetako 800 bat ikaslek hartuko dabe parte aurten.

Octavio Gonzalez, Itziar Urtasun eta Monika Hernando

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu