Elena López Rieraren 'Los que desean', 60. Zinebiko irabazle
2018-11-16 13:18 ZinemeaEuskal Zinemearen Sari Nagusia Maria Elorzaren Ancora Lucciole dokumentalarentzat izan da.
Bilboko Dokumental eta Film Laburren Jaialdia, Zinebi, azken txanpan sartu da. Epaimahaiek dagoeneko emon dabe euren erabagiaren barri eta, beraz, badakigu nortzuk diran 60. edizino honetako irabazleak. Jaialdiko Sari Nagusia Elena López Riera espainiarraren Los que desean dokumental laburrari emon deutsie.
Epaimahaiaren arabera, López Rieraren lanak konplexutasun aberatsa dauka, eta, horri esker, istorioa hainbat geruzatan banatu leiteke. Honeek egon dira nazinoarteko epaimahaian: Concha Barquero zinemagilea, Ghasideh Golmakani zinemagilea, Zsuzsanna Király produktorea, Jodie Mack animazinogilea eta Carolina Martínez Urbina muntatzailea.
Euskal Zinemearen Sari Nagusia María Elorzak irabazi dau, Ancora Lucciole dokumentalari esker. Lan horretan, mundu zaharraren eta barriaren arteko transizinoa zelan agertzen dauen nabarmendu dau nazinoarteko epaimahaiak. Zinema Espainiarraren Saria Delfina Spratt eta Àlex Puig Rosek egindako Entre raíles dokumentalarentzat izan da.
Generoari jagokonez, hiru Mikeldi Sari emon ditue: Fikzinozko film laburrena Reema Sengupta indiarrak eroan dau, Counterfeit Kunkoo lanagaitik. Animazinoaren atalekoa, Esther Niemeier alemaniarraren Tracing Addai-rentzat izan da. Dokumentalen atalean, I signed a petition izan da irabazlea, Mahdi Fleifelena.
Zinebiren sail esanguratsuetako bat opera prima, edo zuzendarien lehenengo lanei eskainitakoa da, ZIFF. Horreek epaitzeko, beste epaimahai bat izentau dabe: Agnès Wildenstein, Nele Wohlatz eta Eulàlia Iglesias.
ZIFF ataleko sari nagusia Rugile Barzdziukaite lituaniarraren Rugstus Miskas dokumental luzeak irabazi dau: 12.000 euro emongo deutsiez. Epaimahaiaren Sari Berezia, ostera, Andrea Bussmannek zuzendutako Fausto dokumentalak eskuratu dau.
60. Zinebiko palmareseko ganerako sariak honeek izan dira:
- Euskal Gidoi Onenaren SGAE Fundazinoa-Euskadiko Kontseilua Saria: Cadoul de craciun (Bogdan Muresantu)
- Ikus-entzuleen EITB Saria: Foreigner (Carlos Violadé)
- Cine Club FAS Saria: El aleteo de la mariposa (Ana Serna eta Paula Iglesias)
- Unicef Saria: Untravel (Ana Nedeljikovic eta Nikola Majdak Jr)
- Zinebi Networking 2018: Meseta (Juan Palacios)
Sariak emoteko galea gaur, barikua, izango da, iluntzeko 20:00etan, Arriaga Antzokian. Bide batez, Apichatpong Weerasethakuli tailandiarrari Ohorezko Mikeldi Saria emongo deutsie. Bestetik, palmareseko film irabazle guztiak ikusi nahi dituanak, pase berezia izango dau, bihar, zapatua, 18:00etan Arriagan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!