Euskal film barrienak, Berlinen

Bizkaie! 2018-11-15 10:21   Zinemea

Hilaren 18ra arte egingo dabe Baskisches Filmfestival jaialdia.

'Errementari' filma ikusi ahal izango dabe berlindarrek | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal zinemagintzearen azkenaldiko emoitza esanguratsuenak Alemaniako uriburuan ikusi ahal izango dira, Berlingo Euskal Etxeak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatu daben jaialdiari esker. Baskisches Filmfestival, Berlingo Euskal Zinema Jaialdiaren 6. edizinoa hil honen 15etik 18ra bitartean egongo da martxan.

Lehenengo egunean, eguenean, Kalebegiak proiektua ikusi ahal izango dabe Berlinen. 15 zinemagilek beste horrenbeste film labur egin ditue, Donostiako uria ardatz dala, eta danak batu ditue Kalebegiak-en. Julio Medem, Gracia Querejeta, Daniel Calparsoro, Asier Altuna, Borja Cobeaga eta abar dagoz zuzendarien artean.

Barikuan, hilak 16, Errementari bildurrezko eta fantasiazko filma proiektauko dabe. Alex de la Iglesia produktore dala, Paul Urkijoren lehenengo film luzeak arrakastea izan dau, eta hainbat sari emon deutsiez. Deigarria da pertsonaia bakotxaren euskerea zelan landu daben. Paul Urkijo zuzendaria eta filmeko jantzien arduradun Nerea Torrijos Berlinen izango dira, publikoari azalpenak emoten.

Hilaren 17ko proposamena Atrapados por la serpiente musika-dokumentala izango da, eta jaialdia amaitzeko, 18an, Handia emongo dabe. Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako film hori euskeraz egindakoen artean arrakastatsuena izan da azken urteotan, publikoaren zein adituen errekonozimenduari jagokonez. Handia-ko aktore Joseba Usabiaga Berlinen izango da.

Proiekzino guztiak Kino Moviemento aretoan izango dira, 20:00etan. Euskeraz emongo ditue, ingelesezko azpitituluakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa