Apichatpong Weerasethakul-ek jasoko dau Ohorezko bigarren Mikeldia
2018-11-15 08:05 ZinemeaApichatpongen filmografiaren erakusketea programau eban Estaduko lehenengo jaialdia izan zan Zinebi, 2004an.
Bilboko Udalak antolatutako Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak bere 60. edizinoko Ohorezko bigarren Mikeldia emongo deutso Apichatpong Weerasethakul zinemagile thailandarrari, indar poetiko handia dauen eta errealidadea eta fantasia naturaltasunez buztartzen dituan ikus-entzunezko lan zorrotza eta koherentea aintzat hartuta.
Zinemagileak Jaialdiaren omenaldia jasoko dau 60. Zinebiren amaiera ekitaldian, datorren barikuan, 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian. Ekitaldi horrek, haren azken film laburraren, Torontoko Zinemaldian estreinau barri dauen Blue lanaren, estaduko première-a jasoko dau, baita Apichatpongek eta Thailandiako zinemagile garrantzitsuenetako batzuek (Aditya Assarat, Chulayarnnon Siriphol eta Wisit Sasanatieng) zuzendutako 10 Years Thailand talde lana be.
Zinebi, Apichatpong Weerasethakulen filmografia harrigarriaren erakusketea programau eban Estaduko lehenengo jaialdia izan zan, 2004an. Haren lehenengo film luze biek eta sei film laburrek osotzen eben. Orain, barriz, Thailandiako zinemagile eta askotariko diziplinak lantzen dituan artista plastikoa Bilbora etorriko da jaialdiaren sari gorena jasoteko. Horrezaz gan, jaialdiak, zinemagilearen 22 film laburrez eta ertainez osotutako atzerabegirakoa eskainiko dau Guggenheim Museoan, gaur arratsaldean eta bihar; horreetako batzuk ez dira sekula ikusi hemen. Horrezaz gan, 2010ean Canneseko Urrezko Palmondoa irabazi eban zinemagileak, filmen inspirazino iturri diran kultur eta arte erreferentzietan, eszenan jartearen prozeduratan eta antzezleakaz egiten dauen lanean oinarritutako masterclass bat eskainiko dau. Ekitaldia bihar izango da, 20:00etan, Guggenheim Museoaren auditorioan.
Apichatpong Weerasethakulek (Bangkok, 1970) leku bikaina hartzen dago begirada erabat propioa eta guztiz originala daben mundu osoko zinemagileek osotutako talde txikian. Zineman egin dauen lanean –artista plastiko eta ikus-artista lez egiten dauen lanagaz batera egiten dau–, errealidadea, fantasia, amesak, amesgaiztoak eta mamuak, bere arauen arabera funtzionetan dauen leku berean bizi dira. Berea exigentzia eta poesia maila altuko zinemea da eta, aldi berean, lehen mailako emozinoetara be joten dau.
Thailandia ipar-ekialdean hazi zan, eta arkitekturea ikasi eban Khon Kaen-eko Unibersidadean –probintzia hori da bere lan gehienen agertokia– eta ondoren Chicago School of the Art Institute izenekoan. Mysterious object at noon (Dokfa nai meuman, 2000) izan zan haren lehenengo film luzea, Rotterdam-eko Nazinoarteko Zinemaldian estreinau zanetik ibilbideari bultzada handia emon eutson eta nazinoarteko zineman sarrera heterodoxoa izan eban lana. Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard ataleko saria irabazi eban Blissfully yours (Sud sanaeha, 2002) lanagaz, eta urte bi geroago zinemaldi horren Epaimahaiaren Saria irabazi eban Tropical Malady (Sud pralad, 2004) lanagaz.
Syndromes and a Century (Sang sattawat, 2006) Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia irabazteko lehiatu zan Thailandiako lehenengo filma izan zan. 2010ean, Cannesera itzuli eta Urrezko Palmondoa irabazi eban Lung Boonme raluek chat lanagaz (2010). 2016an, zineman egindako lana goitik behera aztertu zan Londoneko Tate Britain ezagunean.
Azken hamarkadan, Apichatpong Weerasethakulek biderkatu egin ditu arte aretoetara eta museoetara zuzendutako bideo-instalazinoak, erakusketak eta egitasmoak. 2001ean, Haunted Houses Project: Thailand lana egin eban Istanbuleko biurtekorako; 2006an, Faith egin eban Liverpooleko biurtekorako; eta 2012an, Kassel-eko Documenta izenekoan parte hartzeko gonbita jaso, eta The Importance of Telepathy instalazinoa egin eban horretarako. Horrezaz gan, lanak egin ditu Minneapoliseko Walker Art Center izenekorako (Cactus River, 2012), Saitamako hiru-urtekorako (Invisibility, 2016), Singapurreko National Gallery-rako (Ablaze, 2016), Tokyoko Mori Art Museorako (Synchronicity, Hisakado Tsuyoshigaz lankidetzan, 2018), edo Madrilgo Elba Benítez Galeriarako (Fiction, 2018) nazinoarteko beste museo eta erakunde askoren artean.
Azken urteetan jaso dituan ohorezko aintzatespenen artean, Japoniako Fukuoka Saria (2013), Emirerri Arabiar Batuetako Sharjah Biurteko Saria (2013), Hego Koreako Yanghyun Saria (2014) eta Herbehereetako Kulturearen eta Garapenaren Claus Printzea Saria (2016) dagoz. 2008an, Frantziako Kultura Ministerioak Arteen eta Letren Zaldun Dominea emon eutson. Frantziako Ohorezko aitamenaren ondoren, 2017an Komendadorearen Dominea jaso eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!