EZAEk Euskal Zinemearen Eguna antolatu dau

Bizkaie! 2018-11-13 09:48   Zinemea

Gure zinemagintzearen klasikoak berreskuratu eta gazteak zinemara erakartea dira asmoak.

EZAEk, Euskadiko zinema-aretoen alkarteak, Euskal Zinemearen Eguna izeneko ekimena dakar helburu bikotxagaz: ikusle gazteak zinemara erakarri eta belaunaldi barriei euskal zinemagintzearen produkzino ezagunenak pantaila handian aurkeztu. Alkartearen partaide diran bederatzi zinema-aretok Acción Mutante filma pantailaratuko dabe zemendiaren bigarren hamabostaldian; Alex de la Iglesiaren lehenengo filmak bere zinemagintzearen ezaugarri diran umore baltza eta indarkeria nabarmentzen ditu.

Sarrerek prezio murriztua izango dabe gazteak zinema-aretoetara joan daitezan errazteko. Ganera, pelikulako lantaldea proiekzinoetan parte hartu eta filma aurkeztera gonbidau dabe.


Hiru hilero be gingo dan ekimena

Egitasmo honek Euskadiko Filmategiaren eta Euskadin egindako film laburren Kimuak programearen laguntzinoa dauka. Euskal Zinemearen Eguna hiru hilero egitea da asmoa eta, hurrengo edizinoetan, Kimuak bildumako film laburrak be proiektatuko ditue film luzeakaz batera. Era berean, hautatutako pelikuletan lan egin daben profesionalei euren lana ikusleei aurkezteko gonbita egingo jake.


Proiekzinoak

Getxoko zinema eta Durangoko Zugaza zinemea izango dira Euskal Zinemearen Eguna egiteko lehen aretoak zemendiaren 14an. Hurrengo egunean, Zornotzako aretoan ikusi ahal izango da, eta hilaren 19an, Donostiako Antiguo Berrin. Zemendiaren 20an, Beasaingo Usurbe Antzokira helduko da eta 22an, Bilboko Golem Alondigara. Azkenik, hilaren 28an, 29an eta 30ean Andoainen, Errenterian eta Zumarragan proiektauko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu