60. Zinebik Mariano Llinas argentinarrari emongo deutso Ohorezko Mikeldia
2018-11-09 13:17 ZinemeaZinemagilearen sorkuntzarako talentua eta erradikaltasun estetikoa autortu deutsie.
Bilboko Udalak antolatzen dauen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia, Zinebi, gaur arratsaldean hasiko da, Mariano Llinás zinemagile eta gidoilari argentinarrari eskainiko jakon omenaldiagaz. Jaialdiaren Ohorezko Mikeldia emongo jako, zinema garaikidearen nazinoarteko panoramako barritzaileenen artean dagoan zinemagile horren lan guztian igarten dan sorkuntzarako talentua eta erradikaltasun estetikoa autortuta.
Saria emotea jaialdiaren inaugurazino ekitaldian izango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian. Horrezaz gan, edegiera zeremonian, Llinásek berak zuzendutako La Flor antes de que fuera La Flor antzezlana estreinauko dabe Piel de Lava taldeko antzezleek (Elisa Carricajo, Valeria Correa, Pilar Gamboa eta Laura Paredes) interpretautakoa. Ganera 60. Zinebik primizian jasoko dau hamarkada batez egin dan eta ia 14 ordu irauten ditaen La flor filmaren Estaduko aurkezpena; zemendiaren 11, 12 eta 13an eskainiko da Golem – Alhondiga zine-aretoetan.
Mariano Llinás (Buenos Aires, Argentina, 1975) zuzendari eta gidoilaria da, El Pampero Cine zinemagile taldeko kidea –Laura Citarella, Alejo Moguillansky eta Agustín Mendilaharzurekin batera–. 2002an, Balnearios izeneko lehenengo film luzea egin eban. 2008an, Historias Extraordinarias, bigarren filma, egin eban, kritikak goratua eta Argentinan oihartzun eta ikus-entzule aldetik erantzun bikaina lortu ebana. Haren azken film luzea, La Flor (2018), Baficiko azkenengo edizinoan estreinau, eta sari nagusia irabazi eban. Ondoren, nazinoarteko oso jaialdi garrantzitsuetan hartu dau parte, Locarnon, Toronton, New Yorken edo orain gitxi Vienako Nazinoarteko Zinemaldian (Viennale), erantzun oso ona lortuz ikus-entzuleen eta espezializautako kritikearen artean.
La Flor, alkarren artean independenteak diran eta bata bestearen ondoren jazotako sei istoriok osotutako narrazino multzoa da. Artisten arteko bat egitea lau emakume antzezleen gan dago: Pilar Gamboa, Elisa Carricajo, Laura Paredes eta Valeria Correa. Fikzino horreetako bakotxaren unibersoa sano desbardina da; muturreko alde hori bilatua da. Horrezaz gan, lau emakume antzezleek kontakizun bakotxean antzezten dituen lau personaiek be aniztasun bera izan nahi dabe. Pilar Gamboa aztia izan daiteke lehenengoan, pop abeslaria bigarrenean, espioi mutua hirugarrenean, leku gitxi hartzen dauen bigarren mailako personaia laugarrenean, ia ikusezina bosgarrenean eta XIX. mendeko panpa basatiko toldoetatik iges egin dauen gatibu legez berragertu seigarrenean. Gauza bera jazoten da ganerakoakaz.
Mariano Llinásek helburu bi ditu: alde batetik, antzezleak kontetako makina bihurtu, Samuel T. Coleridge-k esaten eban lez, gugan sinisgaiztasunaren borondatezko etetea sortzeko fikzinoak gauzatzearen beharra eta erantzukizuna euren gorputzean jartea, hori baita jardunbide artistiko guztien azken helburua; eta beste alde batetik, fikzino batetik bestera emoten dan saltoak, narrazino ibilbide luzean, emakume horreen benetako arpegia erakustea. La Flor zemendiaren 11n, 12an eta 13an eskainiko da Golem – Alhondiga zine-aretoetan, hiru jardunaldiko maratoia, osorik ikusi ahal izateko: 840 minutuko iraupena.
La flor (2009 - 2018)
- Hizkuntzak: Espainiera / Frantsesa / Errusierea / Ingelesa / Italierea.
- Minutuak: 1. partea: 225 min (atsedenaldi bat), 2. partea: 336 min. (atsedenaldi bi), 3. partea: 320 min (atsedenaldi bakarra).
- Argazki zuzendaria: Agustín Mendilaharzu.
- Gidoia: Mariano Llinás.
- Soinua: Rodrigo Sánchez Mariño.
- Edizinoa: Alejo Moguillansky, Agustín Rolandelli.
- Herrialdea: Argentina.
- Arte zuzendaritzea: Laura Caligiuri.
- Musikea: Gabriel Chwojnik.
- Interpreteak: Elisa Carricajo, Valeria Correa, Pilar Gamboa, Laura Paredes.
- Produkzinoa: Laura Citarella
- Produkzino exekutiboa: Laura Citarella.
- Produktoreaa: El Pampero Cine – Piel de Lava.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!