XII. ZinebiExpress Lehiaketea astegoienean
2018-10-31 13:37 ZinemeaParte-hartzaileek zemendiaren 3an emon ahal izango dabe izena, goizeko 09:30etik 10:30era.
Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, ZINEBIk, 48 ordutan errodautako film laburren XII. ZinebiExpress Lehiaketea dakar. Zemendiaren 3an edegiko da Campos Antzokiko atarian, ekipoen izen emoteagaz, eta momentu horretan jakinarazoko da lanen gaia, edizino bakotxean ezezaguna eta desbardina.
ZINEBIk, EHU/UPVko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeak eta Arte Eder Fakultadeak, IMVALek, Claro de Lunak, ECPVk eta Tartanga LHIIk antolatzen dabe ZinebiExpress, eta ikasleek, talde teknikoek eta artistikoek parte hartu ahal izango dabe. Talde bakotxak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango dau. Partaideek datorren zapatuan, hilaren 3an, emon ahal izango dabe izena, goizeko 09:30etik 10:30era, eta talde bakotxari pendrive bat emongo jako, egindako film laburra gordeteko eta astelehenean, zemendiaren 5ean, 18:30etik 19:30era, emoteko antolatzaileei, Campos Antzokiko atarian bertan.
ZinebiExpress orain hamar urte baino gehiago jarri eben martxan, trebatzen dagozan zinemagile gazteen partaidetzea sustatzeko, baita jaialdia bera arlo horretan bultzatzeko eta Bilbo edozein muetako istorioa grabetako agertoki legez sustatzeko be. Partaideek astelehen arratsaldera arte, 18:30etik 19:30era, izango dabe euren lanak aurkezteko epea, eta zemendiaren 8an, 20:00etan, banatuko dira sariak, Azkuna Zentroko auditorioan, lehiaketearen finalera heldu diran filmak eskainiz.
Aurkeztutako film laburrak epaimahai independente batek balorauko ditu, eta hiru sari emongo dira. Lehen saria 1.000 eurokoa izango da, bigarrena 700 eurokoa, eta hirugarrena, afari bat –AUX Magazinek babestuta–. Epaimahai hori, El ministerio del tiempo edo Águila Roja serietan eta telebistako zenbait programatan muntatzaile izan dan Laura Montesinosek; Zubikarai literatura saria irabazi eban eta Amek ez dute bere azken eleberria oraintsu argitaratu dauen Katixa Agirre Ikus-entzunezko Komunikazino doktore eta EHU/UPVko irakasleak; eta Itziar Zorita Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna eta Arte Eszenikoetan doktoreak osotuko dabe. Azken horrek, EHU/UPVko Ikus-entzunezko Komunikazino saileko irakasle izateaz gan, beste erakunde batzuetarako kultur kudeaketa lanak be egiten ditu.
Film laburren iraupena, kredituetako tituluak barne, fikzino eta dokumental kategoriatan, gitxienez 2 minutukoa eta gehienez 5 minutukoa izango da. Animazinozko film laburrek, gitxienez 30 segundo iraun beharko dabe. Kanpoko irudien % 100 Bilboko udalerrian errodau beharko da, eta, izena emoteko egunean proponidutako hiru lokalizazinoen artetik gitxienez bat barne hartu beharko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!