Mundu osoko 52 film, Zinebi 60-ren Sail Ofizialean

Dabi Piedra 2018-10-22 12:27   Zinemea

Zemendiaren 9tik 16ra egingo dabe Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdia.

Vanesa Fernandez eta Nekane Alonso | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertoko eta kanpoko sortzaileei, batez be independenteei, lekua egitea eta talentu barriak publikoari aurkeztea. Horreexek dira Zinebi jaialdiaren helburuak, Vanesa Fernandez jaialdiko zuzendariak azaldu dauenez. Aurtengoa dau lehenengo edizinoa kargu horretan, eta momentu berezian heldu dala esan leiteke. Izan be, 60. aldia izango danez, egitarauan nobedade batzuk egongo dira.

Sail Ofizialean, baina, aurreko urteetako bideari eutsiko deutsie. Ia 4.000 proposamen inguru jaso ditue eta aukeraketa batzordearen erabagiz, 52 lan ikusi ahal izango dira Sail Ofizialean: 22 film labur, 19 dokumental eta 10 animazino. Danetara, 28 herrialdetako pelikulak dira. Sari Nagusiaz gan, hiru sailetako bakotxean Mikeldiak emongo ditue eta Publikoaren Saria be egongo da. Harrobia bultzatzeko asmoz, Euskal Zinemearen, Euskal Gidoirik Onenaren eta Espainiako Zinemearen Sariak be emongo ditue.

Honeek egongo dira Sail Ofizialeko epaimahaian: Concha Barquero, Ghasideh Golmanaki, Zsuzsanna Király, Jodie Mack eta Carolina Martínez Urbina.

Parte-hartzaileen artean batzuk nabarmentzea ez da erraza, danak goi mailako filmak diralako, baina deigarria da Marco Bellocchio italiarrak La Lotta aurkeztuko dauela Bilbon. Izan be, igaz omendu eban Zinebik, eta agindu eban bere hurrengo filma Bilbon estreinauko ebala. Eta holan egingo dau. Flurin Giger suitzarraren Schächer, Rezo Cozza argentinarraren Las flores, Zhengfan Yang txinatarraren Na Li eta abar be aitatu ditue antolatzaileek.

Sei euskal film be badagoz Sail Ofizialean: Azken otsoa (Iker Maguregi), Cadoul de craciun (Bogdan Muresanu), Ancora lucciole (María Elorza), Amor siempre (Maider Fernández), Il dolce far (Richard Sahagún) eta It is All Right Here (Teresa Sendagorta).

Sail Ofizialeko eskaintzea ez da Zinebik dakarren bakarra, ezta gitxiago be. Lehiaketan 52 film egongo badira be, danetara 156 lan ikusi ahal izango dira, sail eta ziklo guztiak kontuan hartuta. Bertoko Begiradak sailean, esate baterako, lau dokumental eta 13 film labur, danak euskal egileenak.

Bestetik, Focus Iranian Women Filmmakers, the present is female! zikloak Irango emakume zinemagileen egoerea eta sorkuntzea erakutsiko ditu. Vanesa Fernandezek azaldu dauenez, izenburuagaz adierazo gura izan dabe, etorkizuna ez eze, oraina be emakumeena dala.

Beautiful Docs, ostera, klasiko bihurtu da Zinebiren sailen artean. Aurten, bederatzi dokumental aukeratu ditue. Eta Sail Ofizialetik kanpo dagoan arren, Zinebi First Film-ek sariak banatuko ditu. Opera prima, edo zinemagileen lehenengo obrei, gordetako atala da hori eta aurtengo parte-hartzaileen artean John Malkovich aktore ospetsua protagonista dauen Casanovagen aitatu leiteke.

60. urteurrena dala eta, ekitaldi berezia egingo dabe zemendiaren 10ean. Proiekzinoak egongo dira eta, gauean, Anariren kontzertua Bilboko Kafe Antzokian. Ganera, Bilboko zinemagintzan ekarpen zabala egin daben bederatzi lagun sarituko ditue, Mikeldi Berezia emonaz: José Antonio Sistiaga, José Ángel Rebolledo, Anton Merikaetxebarria, Alberto López Echevarrieta, Santos Zunzunegui, Juan Ortuoste, Ramón Barea, Javier Rebollo eta Ernesto del Río.

1959an sortu zan Bilboko Film Labur eta Dokumentalen jaialdia (2000. urtetik Zinebi izena dauka), eta 60. edizinora heldu izana harro egoteko modukoa dala adierazo dau Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak: Bilboko kulturearen muga estuak zabaldu zituan. Vanesa Fernandezen arabera, gaur egungo sasoiei adi gagoz, bertokoa eta kanpokoa buztartuta.

Zemendiaren 9an hasiko da, beraz, Zinebi 60, iraganeko lanean oinarrituta oraingo eta geroko oinarriak jarteko asmoz. Bezperan, hilaren 8an, Bailen kaleko etxe-orratzean Mapping ekintzea egingo dabe, Bilboko eraikin ospetsu horren fatxadea erabilita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu