Zine Bilerako Urrezko Antzarra, Pello Gutierrezen 'Zain'-entzat

Bizkaie! 2018-10-15 07:55   Zinemea

Zuzendari onenaren saria, ostera, Miren Mujikak irabazi dau.

Argazkia: Euskal Zine Bilera | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal zinemagintzearen erdigune izan da Lekeitio urriaren 6tik 12ra, Zine Bilerearen 41. edizinoari esker. Antolatzaileen arabera, arrakastatsua izan da aurtengoa, egitarau barritzailea gogoz hartu dau  publikoak. Sarituen barri emoteko azkenengo galan be, jentez ganezka egon da Ikusgarri aretoa.

Eider Eguren, Mikel Zumeta, Itziar Ituño eta Maider Oleaga izan dira epaimahaikideak. Sail Ofizialeko hogei pelikulen artean, Pello Gutierrezek zuzendutako Zain aukeratu dabe, horri emon deutsie Zine Bilerako film onenaren Urrezko Antzarra, baita 1.900 euro be. Euskal nortasunaren topikoa umorez azaldu eta, prisma surrealista baten bidez, eraldaketea proponiduten dauela dino epaimahaiak.

Zuzendaritza onenaren saria, ostera, Miren Mujikaren Shell Phone filmak irabazi dau. Teknologia barriak erabili beharrean dan amama baten erronkea kontetan dau, eta 1.600 euro eta Zidarrezko Antzarra eroan ditu.

Gidoi onenaren saria Igor Rezolaren Fabrika(k) lanarentzako izan da. Bertan, lan-munduak mendebaldean bizi izan dauen eraldaketea azaldu deusku. Kontakizun honi esker, 1.600 euro eta Zidarrezko Antzarra eskuratu ditu Rezolak.

Azkenik, Sail Ofizialean nobedadea izan da aurten Publikoaren Saria. Lehenengo aldiz, ikus-entzuleek euren pelikularik gogokoena aukeratu ahal izan dabe. Eukeni Arriortuaren Pastoreak filma izan da irabazlea, Euskal Herriko artzaintzearen inguruko dokumentala. Zidarrezko Antzarra eta 750 euro emon deutsiez.

Lekeitioko Euskal Zine Bilereak, irabazleak ez eze, partaide guztiak be zoriondu nahi ditu, hareen lanetan erakutsitako kalidade handiagaitik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun zinemara hurreratu diran ikusleei be eskerrik beroenak emon nahi deutsiez antolatzaileek, aurtengoa ikusle gehien izan dituan edizinoetako bat izan da eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu