Gaur estreinauko ditue euskeraz 'Smallfoot' eta 'Horman Erlojua duen Etxea' filmak

Bizkaie! 2018-10-11 10:23   Zinemea

Zinemea Euskeraz zinema-aretoetara itzuliko da euskerearen erabilerea bultzatzeko asmoz.

Estreinaldi bikotx honegaz, Zineuskadiren bidez Eusko Jaurlaritzeak bultzatzen dauen Zinemea Euskeraz programeari esker aurten oraingoz euskeraz estreinautako filmak 8 izango dira guztira.

Udako geldialdiaren ostean, Zinemea Euskeraz programea zinema-aretoetara itzuliko da komunikazino kulturaleko ibilgailu legez euskerearen erabilerea bultzatzeko asmoz eta Zineuskadik herritarren esku hainbat film eskaintzen jarraituko dau: familia osoarentzako filmak, Smallfoot (Warner Bros Pictures), eta gazteei zuzendutakoak, Horman Erlojua dauen Etxea (Entertainment One), esate baterako.

Smallfoot filmaren aurre-estreinaldia Zinemaldiaren 66. edizinoan egin eben Donostian eta bertan izan zan Dani de Vito. 3Dan egindako abentura animatua da eta Sergio Pablos espainiarraren (Gru, mi villano favorito (2010) filmaren idea originalaren sortzailea) istorio originalean oinarrituta, Yetiaren mitoa zeozelan aldatzen dau. Filma Karey Kirkpatrick-ek (Imagine, Vecinos invasores) zuzendu dau eta gidoilariak John Requa (Bad Santa, Como perros y gatos) eta Glenn Ficarra (Phillip Morris ¡Te quiero!, Una pandilla de pelotas) izan dira.

Ikusle guztientzako flmak Bigfoot-en mitoan aldaketea egingo dau; Yeti gazte eta bizkorrak existiduten ez zala uste eban zeozergaz topo egingo dau: gizakiagaz. Era berean, Horman Erlojua dauen Etxea (7 urtetik aurrera) filmagaz fantasia gotikoa helduko da zinema-aretoetara. Filma Eli Roth-ek (El infierno verde) zuzendu eta Steven Spielberg-ek produzidu dau. John Bellairs-ek idatzi eta Edward Gorey-k ilustrautako izen bereko eleberriaren egokitzapena da eta gidoilaria Eric Kripe (Haunted) izan da. Filmeko aktoreen zerrendea honako hau da: Jack Black (Jumanji: Bienvenidos a la jungla), Cate Blanchett (Thor: Ragnarok), Lorenza Izzo (Toc Toc), Renée Elise Goldsberry (The Good Wife), Colleen Camp (Lío en Broadway), Kyle MacLachlan (Twin Peaks), eta Owen Vaccaro (Dos padres por desigual) gaztea. Istorioak 10 urteko ume baten, Lewisen (Owen Vaccaro), kontakizun magikoa eta bildurgarria azaltzen dau. Umezurtz geratu ostean, osabearen etxe zahar eta karrankarira joango da bizitera; han, erloju misteriotsu bat topauko dau. Handik gitxira, ordura arte aspergarria eta lasaia izan dan herri barriko bizitzea hankaz gora jarriko dau Lewisek, nahi barik, mundu sekretuko azti eta sorginak esnatzen dituanean.

Euskerazko hurrengo estreinaldia zemendian izango da Udare erraldoiaren istorio sinistezina (Drackmagic) filma, hain zuzen be. Filma Jacob Martin Strid-en The Giant Pear umeentzako ipuinean oinarrituta dago. Itsasoko munstroak, pirata higuingarriak eta udare erraldoiak protagonista dituan aparteko abenturea dakar filmak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu