Martxan da 41. Zine Bilerea

Bizkaie! 2018-10-08 10:43   Zinemea

Telmo Esnalen Dantza proiektau dabe inaugurazinoan, eta Lapatx taldeak irabazi dau Kameratoia.

Aitor Abaroa eta Loli Astoreka, inaugurazino ekitaldian (argazkiak: Euskal Zine Bilera) | Ikusi handiago | Argazki originala

Indar betean hasi da Lekeitioko Zine Bilerearen 41. edizinoa. Euskerazko ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen handia egin daben protagonista bi izan ziran inaugurazino ekitaldiaren ardatza, zapatuan: Telmo Esnal zuzendaria eta Kimuak programea. Bestetik, Kameratoia Ikus-entzunezko Rallya egin eben asteburuan, eta 14 taldek hartu eben parte.

Inaugurazino jaialdia Loli Astorekak eta Aitor Abaroak aurkeztu eben, eta Muntu antzerki taldeak minutu bateko piezatxu bat aurkeztu eban. Zine Bilereak aurtengo edizinoan izango dituan aldaketak azaldu zituen aurkezleek. Ondoren, Lekeitioko Ikusgarri aretoan batutakoek Telmo Esnalen Dantza ikusi ahal izan eben.

Ganera, Begirada saria emon eutsien Kimuak programeari. Euskal film laburrak bultzatu eta zabaltzen ibili da Kimuak 20 urtez.

Beste alde batetik, Kameratoia lehiaketan 14 talde aurkeztu ziran, danetara 42 lagun. Antolatzaileek gaia emon, eta 24 ordu izan zituen ikus-entzunezko lan bat egiteko. Baldintzak horren zorrotzak izanik, sei taldek baino ez eben euren lana epearen barruan entregau.

Kameratoiko sari nagusia Lapatxa taldeak irabazi eban, Ilunpean ikus-entzunezko piezeari esker. Bigarren, Txistanaren Anamorfia izan zan; eta, hirugarren, Askopena Produkzioak-en Bisitaria. Azken lan horrek irabazi eban Publikoaren Saria, ganera.

Asteburua biribiltzeko, euskal ikus-entzunezkoen sektorearen espazioa zabaldu zan (H)emen gaude izenpean, (H)emen here alkarteagaz lankidetzan. Maider Oleaga zinemagileari eskainitako zikloa, Verabredung film luzeagaz hasi zan.

Gaurtik aurrera, ostera, lehiaketa nagusiko filmak emoten hasiko dira, eguenera arte, egunero, 20:00etan. Hogei film labur aukeratu ditue aurtengo edizinoan. Martitzenean eta eguenean, bestetik, Kimuak saileko pelikula batzuk be proiektauko ditue, 19:00etan. Sari banaketea eta amaiera ekitaldia urriaren 12an, barikuan, izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu