Zinebi-k Apichatpong Weerasethakul-i emongo deutso bigarren Ohorezko Mikeldia
2018-10-03 12:17 ZinemeaZinebi-ren 60. edizinoa zemendiaren 9tik 16ra izango da, eta saria amaiera ekitaldian emongo deutsie.
Bilboko Udalak antolatutako Dokumental eta Film Laburren Bilboko Nazinoarteko Jaialdiak bere 60. edizinoko Ohorezko bigarren Mikeldia emongo deutso Apichatpong Weerasethakul zinemagile thailandarrari, sakonera poetiko handiko eta errealidadea eta fantasia naturaltasunez buztartzen dituan ikus-entzunezko lan zorrotza eta koherentea aintzatetsiz.
Jaialdiaren omenaldia jasoko dau Zinebi 60ren amaiera ekitaldian, zemendiaren 16an, 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian. Ekitaldi horrek, bere azken film laburraren, Torontoko Zinemaldian estreinau barri dauen Blue lanaren, estaduko première-a jasoko dau, baita Apichatpongek eta Thailandiako zinemagile garrantzitsuenetako batzuek (Aditya Assarat, Chulayarnnon Siriphol eta Wisit Sasanatieng) zuzendutako 10 Years Thailand talde lana be.
Zinebi, Apichatpong Weerasethakulen filmografia harrigarriaren erakusketea programau eban Estaduko lehenengo jaialdia izan zan, 2004an. Bere lehenengo film luze biek eta sei film laburrek osotzen eben; orain, barriz, Thailandiako zinemagile eta diziplina anitzeko artista plastikoa Bilbora etorriko da jaialdiaren sari gorena jasoteko. Horrezaz gan, jaialdiak, zinemagilearen 22 film laburrez eta ertainez osotutako atzerabegirakoa eskainiko dau Guggenheim Museoan, zemendiaren 14an eta 15ean. Horreetako batzuk ez dira sekula ikusi Estaduan. 2010ean Canneseko Urrezko Palmondoa irabazi eban zinemagileak, bere filmen inspirazino iturri diran kultur eta arte erreferentzietan, eszenan jartearen prozeduratan eta antzezleakaz egiten dauen lanean oinarritutako masterclass bat eskainiko dau.
Apichatpong Weerasethakulek (Bangkok, 1970) leku berezia hartzen dau begirada erabat propioa daben mundu osoko zinenagileek osotutako talde txikian. Zinemean egin dauen lanean –artista plastiko eta ikus-artista lez egiten dauen lanagaz batera egiten dau–, errealidadea, fantasia, amesak, amesgaiztoak eta mamuak, bere arauen arabera funtzionetan dauen leku berean bizi dira. Berea exigentzia eta poesia maila altuko zinemea da eta, aldi berean, lehen mailako emozinoetara be joten dau.
Thailandia ipar-ekialdean hazi zan, eta arkitekturea ikasieban Khon Kaen-eko Unibersidadean –probintzia hori da bere lan gehienen agertokia– eta ondoren Chicago School of the Art Institute izenekoan. Mysterious object at noon (Dokfa nai meuman, 2000) izan zan haren lehenengo film luzea, Rotterdam-eko Nazinoarteko Zinemaldian estreinau ebenetik haren ibilbideari bultzada handia emon eutson eta nazinoarteko zineman sarrera heterodoxoa izan eban lana. Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard sekzioaren saria irabazi eban Blissfully yours (Sud sanaeha, 2002) lanagaz, eta urte bi geroago zinemaldi horren Epaimahaiaren Saria irabazi eban Tropical Malady (Sud pralad, 2004) lanagaz. Syndromes and a Century (Sang sattawat, 2006) Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia irabazteko lehiatu zan Thailandiako lehenengo filmea izan zan. 2010ean Cannesera itzuli eta Urrezko Palmandoa irabazi eban Lung Boonme raluek chat lanagaz (2010). 2016an, zinemaan egindako lana goitik behera aztertu eben Londoneko Tate Britain ezagunean.
Azken hamarkadan, ugari izan dira Apichatpong Weerasethakulek arte aretoetara eta museoetara zuzendutako bideo-instalazinoak, erakusketak eta egitasmoak. 2001ean, Haunted Houses Project: Thailand lana produzidu eban Istanbuleko biurtekorako; 2006an, Faith egin eban Liverpooleko biurtekorako; eta 2012an, Kassel-eko Documenta izenekoan parte hartzeko gonbita jaso, eta The Importance of Telepathy instalazinoa egin eban horretarako. Horrezaz gan, lanak egin ditu Minneapoliseko Walker Art Center izenekorako (Cactus River, 2012), Saitamako hiruurtekorako (Invisibility, 2016), Singapurreko National Gallery-rako (Ablaze, 2016), Tokyoko Mori Art Museorako (Synchronicity, Hisakado Tsuyoshiregaz lankidetzan, 2018), edo Madrilgo Elba Benítez Galeriarako (Fiction, 2018) nazinoarteko beste museo eta erakunde askoren artean.
Azken urteetan jaso dituan ohorezko aintzatespenen artean, Japoniako Fukuoka Saria (2013), Emirerri Arabiar Batuetako Sharjah Biurteko Saria (2013), Hego Koreako Yanghyun Saria (2014) eta Herbehereetako Kulturearen eta Garapenaren Claus Printzea Saria (2016) dagoz, besteak beste. 2008an, Frantziako Kultura Ministerioak Arteen eta Letren Zaldun Dominea emon eutson. Frantziako Ohorezko aitamenaren ondoren, 2017an Komendadorearen Dominea jaso eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!