'Bidaiariak zinemara!' kanpaineak euskal pelikulak bultzatuko ditu

Bizkaie! 2018-10-03 08:13   Zinemea

Deskontuen kanpainea Koldo Almandozen Oreina-gaz hasiko da.

Laugarren urtez, EZAE alkarteak Bidaiariak zinemara! kanpainea ipini dau martxan, publikoari euskal produkzinoak pantaila handian ikustea errazteko. Orain arte, Europako eta Euskal Herriko filmak bultzatu izan ditue, baina aurtengo kanpainan euskal produkzinoak baino ez ditue kontuan hartuko.

Kanpaina honen bidez, hurrengo hileetan estreinauko diran zazpi euskal pelikulatan euro biko deskontua izango dabe ikusleek, Eusko Jaurlaritzearen diru-laguntzinoari eta EZAE eta Zineuskadiren arteko alkarlanari esker. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 62 zinema aretotan egingo dabe beherapena. Areto ugaritako zinemetan, estreinaldiaren lehenengo astean egongo da martxan deskontua; herriko areto txikiagoetan, ostera, aste bira luzatuko dabe.

Kanpainea orain hasiko da, eta 2019ko udabarrira arte egongo da herritarren eskura. Deskontudun lehenengo filma Koldo Almandozen Oreina izango da. Donostiako Zinemaldian arrastoa itxi dau lan horrek, Zuzendari Barriak sailean parte hartzeaz gan, Irizar saria irabazi dauelako. Urriaren 5etik ikusi ahal izango da Oreina beherapenagaz.

Horren ostean, Cannesko jaialdian Publikoaren Saria irabazi eban Un día más con vida helduko da aretoetara, Bidaiariak zinemara! kanpainearen beherapen eta guzti. Geroago etorriko dira Julio Medemen El árbol de la sangre, Telmo Esnalen Dantza, Bernardo Atxagaren nobelatik egokitutako Soinujolearen Semea, jazoera errealetan oinarritutako Vitoria, 3 de marzo eta Elcano, lehen mundu bira film historikoa. Baleiteke kanpainea luzatu eta film gehiago sartzea zerrenda horretan, EZAEren arabera.

Orain arteko hiru edizinoetan, Bidaiariak zinemara! kanpainako deskontuak aprobetxau ditue 20.000 ikusle inguruk. Aurten, ganera, beste 17 aretok eta zortzi enpresa-bazkidek egin dabe bat EZAEren ekimenagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu