Zinemaldia, Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2018-10-01 13:25   Zinemea

Domekara arte, Donostian proiektautako film batzuk ikusi ahal izango dira Bilbon.

'Another Day of Life', Raúl de la Fuente eta Damian Nenow | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken urteotan ohiturea dan legez, Donostiako Zinemaldiak Bilborako bidea hartuko dau aurten be, 66. edizinoa amaitu eta berehala. Astelehenetik domekara bitartean, Zinemaldian nabarmendu diran filmak proiektauko ditue egunero, Azkuna Zentroan.

Zikloaren lehenengo hiru egunetan, urriaren 1ean, 2an eta 3an, sarrerak 2,90 euroan erosi ahal izango dira, Zinemearen Jaia dala eta. Ganerako egunetan prezio arrunta pagau beharko da, hau da, 4,50 euro. Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zinema-aretoetako txarteldegian erosi leitekez sarrerak, baita webgunean be.

Gaur, astelehena, Raúl de la Fuente nafarrak eta Damian Nenow poloniarrak zuzendutako Another Day of Life filmagaz ekingo deutsie zikloari. Ryszard Kapuscinskyren izen bereko nobelearen egokitzapen hau Cannesen aurkeztu eben lehenengo, eta Donostian ikusi ahal izan da egunotan. Publikoaren Saria irabazi dau.

Zinemaldiko Donostia Saria emon deutsie aurten Hirokazu Koreedari. Zuzendari japoniarraren Manbiki Kazoku martitzenean emongo dabe. Film horrek Canneseko Urrezko Palmondoa irabazi eban. Jafar Panahi iraniarraren 3 Faces izango da eguazteneko proposamena eta, eguenean, L'Homme fidèle helduko da Bilbora, Louis Garrel frantziarrak zuzendua. Azken horrek gidoirik onenaren saria irabazi barri dau Zinemaldian.

Barikurako aukeratutako pelikulea western generokoa da. Jacques Audiard frantziarrak Joaquin Phoenix, John C. Reilly eta Jake Gyllenhaal bere agindupean izan ditu The Sisters Brothers filmean. Gidoilaria Thomas Bidegain zuberotarra da. Asteburuan, ostera, Nadine Labaki libanoarraren Capharnaüm (zapatuan) eta Mamoru Osoda japoniarraren Misai (domekan) proiektauko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu