Donostiako 66. Zinemaldiak umorea aldarrikatuko dau inaugurazino-galan

Bizkaie! 2018-09-21 08:31   Zinemea

Borja Cobeagak, Diego San Josék eta Borja Echevarríak idatzi eta zuzenduko dabe galea.

Gaur da eguna. Nagore Aranburu eta Belén Cuesta aktoreek aurkeztuko dabe Donostia Zinemaldiaren 66. edizinoaren inaugurazino-galea. Gaur, barikua (hilak 21), izango da, 21:00etan, Kursaal Auditoriumean. Borja Cobeagak, Diego San Josék eta Borja Echevarríak idatzi eta zuzenduko dabe galea. Gidoilariek umorez jorratuko ditue zinema-jaialdien berezitasunak, batik bat Donostia Zinemaldiarenak, eta uriaren leku parebakoaren izakerea.

Garai txarrak bizi ditu umoreak. Emoten dau erasota sentiduten garela bateren batek gure usteei buruz ironiaz edo barrez berba egiten dauenean. Funtsezkoa izan da umorea beti adierazpen artistikoan, eta bultzagarri izatez gan, norbera eta behin eta barriro errepetiduten diran topikoak zalantzan jarteko balio dau. Kasu honetan, gure uriaren eta jaialdiaren harira aitatzen diran leku guztiei barre egin nahi deutsagu, Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek azaldu dauenez.

Cobeagaren ustez, barria, desafiatzailea eta ausarta izan da Zinemaldiaren enkargua; guztiz ezarrita egoan galak egiteko modua; lurralde birjina zan, eta ez zan umorea egin horri buruz', azaldu dauenez; 'gu geu izatea eskatu deuskue, jakinarazo dauenez.

Ondorioz, galan, umorea izango da nagusi: Zinemaldiak batez be bere buruaz egingo dau barre, adierazo dauenez. Inork lana ez galtzea espero dau Fe de etarras filmaren zuzendariak, eta barritasuna nagusituko dalakoan eta gelditzeko etorriko dalakoan'dago.

Galea umorezko bakarrizketa bategaz edegi, eta bideo komikoak tartekatuko dira. Ganera, Zinemaldiko gonbidatuek sailen edukiak eta jarduerak aurreratuko ditue; FIPRESCI Sari Nagusia emongo da; Versión Española programearen hogeigarren urteurrena ospatuko da; epaimahai ofiziala eszenatokira igon eta, presidentea, Alexander Payne zinemagileak, berbaldi laburra egingo dau; eta, azkenik, El amor menos pensado inaugurazinoko filmaren taldeak –Juan Vera zuzendaria eta Ricardo Darín eta Mercedes Morán aktore protagonistetako bi– filma aurkeztuko dau.

Inaugurazio-galea La 2 eta ETB1 kateek, eitb.eus atariak eta Zinemaldiko webguneak emongo dabe zuzenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu