Badator Botaba-ren bigarren edizinoa
2018-09-19 08:28 KultureaDanetara, 50 bideo lehiatu ziran igaz.
Bueltan da Botaba lehiaketea. Euskal esamoldeen erronkeak ahalik eta gazte gehienakana heltzea dauka helburu aurten be. Horretarako, indarbarrituta, barrikuntzakaz eta gogotsu dator bigarren edizinoa.
Beste behin be, Labayru Fundazinoak Gaztea irratia izango dau bidelagun erronka honetan, baina ez da kolaboratzaile bakarra izango. Zuriñe Hidalgo, Alex Sardui eta Aritz Aduriz euki zituan igaz bidelagun, eta aurten Botabak enbaxadoreak izango ditu, lehiaketea Euskal Herriko zein mundu zabaleko jentearengana heltzen laguntzeko. Hain zuzen be, Iban Garcia youtuberrak, Aitziber Garmendia aktoreak eta Isma Pereira El Conquistador del Fin del Mundo saioko lehiakide ohiak etenbako jarraipena egingo deutsie lehiaketeari euren Instagram kontuetatik.
Gazteentzat eta hain gazte ez diranentzat diseinauta dago lehiaketea, eta gaiak ipini beharrean, kategoriak dakarz aurten Botabak. Zemendian hasiko da lehiaketea, eta parte-hartzaileek gura beste bideo aurkeztu ahal izango ditue, gura beste kategoriatan. Igaz 20 segundora mugatu zan bideoen iraupena, baina oraingoan ez da mugarik ipiniko.
Igazko markak haustea da aurtengo erronka nagusietakoa. Danetara, 50 bideo lehiatu ziran igaz, hainbat ekarpen batu ziran Labayru Hiztegi Fraseologikorako, eta gazteak euskerearen erabilera naturala eta jatorra oinarri dituan proiektuan sartzea lortu zan.
Hile biko epean, webguneak 8.800 bisita baino gehiago izan zituan. Bisitari gehienak 18 eta 34 urte bitarteko gazteak izan ziran. Promozino spotek 41.000 ikustaldi izan zituen, eta Instagramen, astean 2.000 bisita eta 16.000 interakzinotik gora izan zituan Botaba kontuak.
Sari nagusia, lau lagunentzako bidaia
Lehiaketeak igazko mailari eutsi gura deutso eta parte-hartzaileentzako sari ederrak dakarz aurten be. Kategoriak bereiziko dira eta sari bat emongo da bakotxean; sari nagusia, aurten be, lau lagunentzako bidaia izango da. Igazko laukote irabazleak lau egun egin zituan Budapesten.
Instagramen egingo da lehiaketea, baina Facebook eta Twitter kontuetan be egin leiteke beronen jarraipena. Ganera, www.botaba.eus webgunean be euskal esamoldeen erronkearen nondik norakoak eta informazino eguneratua konsultau leitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!