Euskerea eta kirola buztartzen dituan 'Euskal Kirolari' proiektua abian da
2018-09-18 08:36 KultureaTeknologia barrien eta kirolarien bidez sustatuko da euskerea eta euskarazko terminologia kirol arloan.
Igazko udagoienean abian jarri ostean, Euskal Kirolari proiektua diziplina barrietara zabalduko da denporaldia barria hasteagaz batera. Ekimen honek euskerearen erabilerea eta kirolaren ganeko euskerazko terminologia zuzena sustatu nahi dau, Euskadi mailako kirolaririk onenen laguntzinoagaz. Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak proiektu honen fase barria aurkeztu dabe; eurekaz batera, proiektuan parte hartu daben zenbait lagun izan dira.
Alex Anasagasti crossfit-eko kirolaria, Felipe Uriarte goi-mendi gidaria eta euskaltzalea, Basque Team taldeko Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea (Espainiako txapelduna) eta Miren Arrieta Goazen! telesaileko aktorea izan dira aurkezpenean. Ekimena kudeatzen dauen Ikom enpresako arduradun Izaro Iraeta eta Egoitz Txurruka ‘Txurru’ aurkezlea be izan dira, euskerearen garrantzia kirolaren munduan azpimarratuz. Proiektu honetan Eusko Jaurlaritzako arlo bi batu gara, biak Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren barrukoak: Alde batetik, Hizkuntza Politikako sailburuordetzea; bestetik, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzea. Gure helburua da euskerea sustatzea kirolaren esparruan. Euskerea kirolaren arloan sendo ikusten badogu be, zenbait bakotasun atzemon, eta uste dogu Euskal Kirolari eta honen moduko proiektuak lagungarriak izan daitekezala horreek gainditzen joateko, adierazo dau Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak.
Igaz aurkeztu zan Euskerearen Adierazle Sistemeak euskararen erabilerea neurtuko dau eskola kirolean eta kirol federatuan, izan be, orain arte ez da egin neurketa zehatzik euskerearen erabileraz kirol munduan. Daturik hurrekoenak lagunarteko erabilerearen gainekoak dira, eta nahiko positiboak dira gazteen artean: Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 25 urtetik beherakoen % 35ak euskerea gaztelania beste edo gehiago erabilten dau esparru informalean eta etxetik kanpo, eta beste % 23,5 batek euskerea erabilten dau arlo honetan, nahiz eta gaztelania baino gitxiago. Halan da be, gazteen arteko ezagutza maila altua danez, uste dogu ahalmena badagoala aurrerapausu gehiego emoteko, gehitu dau Redondok.
Euskerea kirolaren munduan sustatzeko, gazteen artean, Euskal Kirolari proiektuak ardatz bi ditu: teknologia barriak eta kirolaren munduan erreferentzia izan daitekezan personak. Holan, bideo laburren eta sare sozialen bitartez kirolari ezagunek euskereak euren kirol jardueran dauen garrantziaz berba egiten dabe, eta terminologiaren inguruko aholkuak emoten ditute. Ondoren, material hori guztia sare sozialetan, eskola kirolean eta kirol federatuan zabalduko da.
Proiektu honen lehen fasean honako kirolari honeek hartu eben parte: Aritz Aranburu (surflaria), Mikel Landa (txirrindularia), Nerea Perez (San Juan Koxtape Arraun Alkarteko patroia), Kepa Arrizabalaga (futbolaria), Matxalen Ziarsolo (eskubaloi jokalari ohia), Julen Goia (errugbi jokalaria) eta Iñigo Martinez (futbolaria). Bideo honeek sare sozialetan eta kirolari gazteen artean zabaltzen dagoz orain. Denporaldi barriari begira, ondoko kirolariek hartuko dabe parte: Alex Anasagasti. Alexander Anasagasti kirolari donostiarra da. Zortzi urtez boxeoan eta kick-boxingean ibili zan, baina orain dala bost urte crossfit-a ezagutu eta gogor ekin deutso kirol horri, emoitza bikainak lortuz. Espainiako txapelduna da eta Europa Hegoaldeko 10. postuan dago.
Aitatu bideo horreez gan, Euskal Kirolari proiektuak beste bideo bat egingo dau Felipe Uriarte goi-mendi gidaria ezagunak zuzentzen dauen Oxigenoa euskereari, 6.000 metrotan be proiektuaren inguruan, euskerea eta mendizaletasuna buztartzen dituan ekimen horren zehetasunak azalduz. Era berean, Goazen! telesaileko aktoreakaz be bideo bat grabauko da.
Proiektu honen barruan grabautako eta grabauko diran bideo guztiak Euskal Kirolari-ren youtube-ko kanalean dagoz ikusgai, bai eta http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/euskal-kirolari/ webgunean be. Facebook-en eta Instagram sare sozialetan be badabil Euskal Kirolari.
Proiektua kudeatzen dauen Ikom enpresako arduradunek azaldu dabenez, datozen hilebeteotan ahalegin berezia egingo da ekimena eskola kirolean eta kirol federatuan zabaldu nahi dabe: Landu doguzan bideoak eskola kirolaren, kirol alkarteen eta kirol federazinoen bidez be zabaldu nahi doguz, helburua ahalik eta gaztetxu gehienakana heltzea baita. Sareetan egingo dogun zabaltze lanaz gan, urriaren 7an Zumarraga-Urretxun ospatuko dan Kilometroak jai egunean be izango da Euskal Kirolari. Bertan gaztetxuek proiektua ezagutu, Euskal Kirolari-ra harpidetu, argazkiak atera eta Txurrugaz bertatik bertara egoteko aukerea izango dabe, adierazo dau Izaro Iraetak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!