Gero eta gitxiago 40 + 1. Euskal Zine Bilerea hasteko
2018-09-14 09:26 ZinemeaIzena emoteko epea zabalik dago eta irailaren 24ra arte egongo da zabalik hemen.
Aurrera pausuak emoten jarraituz eta aitatutako berreinterpretazino horren barnean, hiru atal estreinauko dira: Branka, Ganbara eta Zerumugea; horreekaz ikus-entzunezkoen lehenaldia, orainaldia eta etorkizuna landuko dira. Horren erakusle izango dira sektoreagaz lotuta egon daitekezan berbaldi edo lantegiak, lehiaketara aurkeztutako fikzinozko film labur, dokumental eta pieza esperimentalak, ondare lez ulertutako super8 irudiakaz osotutako programea, ikas komunidadeen barruan antolatutako animazino lantegiak edota omendutako figura edo ekimenei eskainitako atzera begirakoak. Hori guztia da Euskal Zine Bilerea: egin diran, egiten dagozan eta egingo diran filmen eztabaidarako eta ikuskaketarako topagunea.
Lekeitioko Euskal Zine Bilereak euskerazko ikus-entzunezkoakanako apustu sendoa egiten jarraitzen dau eta horregaitik euskerea izango da bilerara aurkezten diran lanetan erabili beharrezko hizkuntzea, Zine Bilerea hain berezi egiten dauen hizkuntzea, hain zuzen.
Lehiaketea
Lehiaketa Euskal Herrian eta euskeraz produzidutako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desbardinak batzen dituan neurrian. Atal honek be barrikuntzak dakaraz, izan be, aurten, ez dira bereiziko lan profesional eta amateurrak, urteak aurrera egin ahala, batzuen zein besteen arteko aldea gero eta txikiagoa dalako. Beraz, sariak emotean zuzendaritza, gidoia eta film onenaren arloak desbardindu dira. Eta ganera, ikusleak be protagonista izango dira, lan bakotxari eurek emondako puntuen bidez erabagiko dabelako ikuslearen sari bereziaren irabazlea.
Ondorengoak dira sariak: Zuzendaritza onena 1.600,00 € eta Zilarrezko Antzarra, Gidoi onena 1.600,00 € eta Zilarrezko Antzarra, Film onena 1.900,00 € eta Urrezko Antzarra eta Ikusleen saria 750,00 € eta Zilarrezko Antzarra.
Aurten, 49 izan dira lehiaketara aurkeztu eta oinarriak bete dituen lanak eta horreetatik 20 izan dira aukeratuak. Egindako lana eskertzeko helburuagaz, azken horreen egileek 200 euroko saria jasoko dabe lehiaketarako hautatuak izanagaitik.
Euskaltzaleen Topaguneagaz alkarlanean antolatutako Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya da Kameratoia, gazteei zuzenduta, euskerazko laburrak sortzeko helburua dauen ekimena. Bigarren urtez jarraian, Kameratoia Lekeitioko Euskal Zine Bilerearen barruan egongo da, gazteentzako espazio bat sortuz eta euren arteko topagune bilakatuz. Eta hori da hain zuzen helburua, euskerazko zinemagintzan etorkizunera begirako leihoa izango dan ekimena gazteen artean sustatzea.
Urriaren 6 eta 7ko asteburuan egingo da Kameratoia. Aurten, parte-hartzaileek 24 ordu izango ditue euren film laburrak sortzeko. Urriaren 6an emongo da ezagutzera filmek landu beharko daben gaia eta, horren ostean, egun oso bat izango dabe filma aurkezteko. Lan hau errazteko asmoz, Lekeition bertan filmak montetako espazio bat jarriko da eta parte-hartzaileei Lekeition lo egiteko aukerea emongo jake Trinkete Etxean, 15 euroren truke.
Aurten ere sari potoloak egongo dira. Talde irabazleak 1200 euro jasoko ditu, bigarrenak 800 eta hirugarrenak 600. Kameratoian parte hartzeko www.kameratoia.eus webgunera jo beharko da. Izena emoteko epea zabalik dago eta irailaren 24a izango da azken eguna.
Atzo8
Euskal Zine Bilereak, Euskadiko Filmategiagaz batera, joan diran irudiak berreskuratzeko eta ikustarazoteko Atzo8 proiektua jarri dau martxan. Beraz, Lekeitioko ganbaretan gordetako film zaharrei hautsa kendu eta, herritar guztion ondarea diran neurrian, proiekzinoakaz batera, hitzaldiak, lantegiak eta bestelako ekintzak antolatzea erabagi dabe.
Lekeition filmautako Super8 film zaharra dituen guztiek aukerea dabee Lekeitioko Udal Artxiboagaz kontaktuan jarri eta filmeei bizi barri bat emoteko. Gainera proiektu hau epe luzera begira sortzen da eta ez da aurtengo Zine Bilerara bakarrik mugatzen.
Bolondres bila
Jakina da Lekeitioko Euskal Zine Bilerea lako ekitaldi bat aurrera eroateko jente asko behar dala. Hori dela eta, Zine Bilereak boluntario programea edegi dau, jentea ezagutu, egungo ikus-entzunezkoen sorkuntzearen munduan sartu eta esperientzia profesionala hurretik biziteko aukerea sortuz.
40+1. edizinoan, boluntario talde bat sortu nahi da urriaren 6tik 12ra egingo dan zinemagile, aditu, ikasle, profesional eta, oro har, zinemazaleen bileran sortuko diran koordinazino lanetan esku hartzeko. Izena emoteko epea zabalik dago eta irailaren 24ra arte egongo da zabalik, beraz, 18 urte edo gehiago euki eta zinemearen mundua ezagutzeko gogotsu dagozan guztiek hemen emon ahalko dabe izena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!