Juantxo Zeberio: 'Zoritxarra dago oinarrian, errefuxiatuek bizi daben egoera gogorra'
2018-09-17 13:56 BarriketanSalvamento Marítimo Humanitario-rentzat hamar euroko ekarpena egitea da asmoa.
Salvamento Marítimo Humanitario-rentzat dirua batu eta erakundea ezagutzera emotea dira Tenpora taldeak emongo dauen kontzertuaren helburuak. Irailaren 30ean, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian egingo dan ongintzazko kontzertua aurkeztu dabe oraintsu Orona Fundazinoak eta Albaola Alkarteak. Erakunde bien arteko alkarlanaren hasierearen bosgarren urteurrenean egingo da kontzertua eta Tenpora taldeak joko dau, batez be Itzulika, bigarren diskoko, kantuak, errefuxiatuen egoereari buruzkoak eskainiko ditu, besteak beste, Lesbos eta Lampedusa.
Kontuak kontu, nahi dauen guztiak emon leike dirua GKE horri laguntzeko, —kontzertura joan edo ez—. Antolatzaileen helburua da hamar euroko ekarpena egitea jesarleku bakotxeko.
Jarduera horrezaz berba egiteko eta gu gurean eroso bizi garen sasoian, Juantxo Zeberio prest azaldu jaku berba egiteko:
1.- Tenpora taldean batu zarie Hasier Oleaga, Itxaso Etxebeste, Beñat Barandiaran, Juantxo Zeberio eta Elene Arandia. Musikea da zuon pasinoa baina zelan sartu zarie saltsa honetan?
Musika kontuetan beti gabiz gustora. Taldekideon artean ibilbide luzekoak zein laburrekoak gagoz baina danon pasinoa da musikea. Azken urteotan hor nabil Benito Lertxundi, Maddi Oihenart, abesbatza, orkestra eta holakoakaz eta beti gustau izan jat musika estilo desbardinetan sartu eta gozamenez egitea gauzak. Egia esan, bateria indartsu baten faltea hartuta nengoan eta aspaldi erabili bako berba batzuk be banituan eta berehala Hasier Oleagarengana jo neban, Itxasogaz be alkarregaz jo izan dogu, Beñategaz bardin eta Elene ahots nagusiari, danari banan-banan proponidu neutsen gaia. Gustora hartu eben eta holan hasi ginan.
2.- Itzulikako, zuon bigarren diskoko, kantuak, errefuxiatuen egoereari buruzkoak eskainiko dozuez, besteak beste, Lesbos eta Lampedusa. Zer dinozue kantu horreetan?
Dramea, zoritxarra, tragedia dago oinarrian, errefuxiatuek bizi daben egoera gogorra. Kantuok sortu nituan orain pare bat urteko udan; mina eragiten daben berbak gura nituan eta horretan hutsik ez dodala egin esango neuke. Gogoratuko dozu etenik bako barriak etozan, jente piloa uretan itota, drama baltza itsasoan. Negar errazik ez neban gura barik baina kantuok mingarriak izatea bai, ostera. Bien bitartean gu oporretan ginan. Gure erosotasuna baztertu eta beharrean hastea da gogorra eta kontzientzia txarra eragiten deusku. Horri bueltaka nebilen eta holan sortu nituan kantuok Karlos Linazasororen babes osoagaz.
3.- Zertan zabizie oraintxe? Zein da Tenpora taldearen helburua?
Tenpora diesel taldea da, ibilbide luze eta oparoa izatea gura dogu eta bihar-etzirako helburuen artean ez dago zehaztasun handirik, musika taldea garen neurrian, kantuak sortu eta kontzertuak emoten segidutea da asmoa. Hori bai, entseguetan Tenporak bere dimensinoa eta izatea hartzen ditu eta momentu horreetan jarten dogu ahalegin eta indar guztia; musika estilo eta etiketarik ez daukagu buruan. Talde legez gure ibilbidea egonkortzen doa eta hor gustora gabiz.
4.- Salvamento Marítimo Humanitario Gobernuz Kanpoko Erakundeari emongo jako kontzertuan batzen dan diru guztia. Zein da erakundearen ardurea eta lana?
2015ean sortu zan erakunde hori, Greziako krisi humanitarioa bete-betean zala eta itsas salbamenduko lanak egiten ditu Mediterraneoan, errefuxiatuei laguntzen eta horreei jaramon egiten. Jenteak eta erakundeek emondakoagaz dabiz beharrean. Libia eta Italia inguruan gehienbat egoera oso dramatikoan eta baldintza eskasak tarteko, Italiak mugak zarratuta, Libian gerra bizia dago eta herritarrek sekulako bortxaketa eta sarraski giroa bizi dabe eta hor dabiz beharrean, mafia eta gaizkile guztien gainetik.
5.- Gura dauen guztiak emon leike dirua GKE horri laguntzeko, kontzertura joan edo ez. Antolatzaileen helburua da hamar euroko ekarpena egitea jesarleku bakotxeko... Non eta zelan egin daiteke ekarpena?
Gobernuz Kanpoko Erakundearen webgunean eta karteletan dago horretarako aukerea. Hor sarreratxu bat agiri da eta esan dozun legez, 10 euroko ekarpena da gitxienekoa. Badakigu ez dogula mundua salbauko eta gurako geunke holako kontzertu bat eta antzeko jarduerak egin behar ez izatea. Baina gure aletxua jarteko modua badago, Salvamento Marítimo Humanitario erakundeari laguntzinoa emonez, publizadea jarrita, ekarpenak eginda.
6.- Irailaren 30ean, alkartasun itxaso bat izango gara adierazo izan dau Albaolak; itsasoan ez atzera ez aurrera dabizen migratzaileak babesteko...
Bai, polita da baina utopikoa eta inozentea izan daiteke. Beste aukera bat geldi egotea da, ekarpenik egin ez eta albora begira jarri, besteek egin deien lana. Bateren batek pentsau leike kontzientzia txarra garbitzeko jarduerea baino ez dala kontzertuaren baina guk pentsetan dogu ezetz. Itsasoan eten barik ikusten gagozan zorigatxeko egoerak barruraino sartzen jakuz eta holako ekimen batek zeozertarako balio badau, aurrera. Lau zutabe. Orona Fundazinoa, Albaola, Tenpora eta Salvamento Marítimo Humanitario gogo handiz gabiz.
7.- Albaolak itsas ondarea berreskuratzeko eta ingurunea jagoteko egiten dauen lana autortu nahi dau Orona Fundazinoak eta, horregaz batera, alderdi bi honeek bultzatu: kultura musikala (Tenpora taldearen kontzertua) eta gizarte-kohesinoa (Salvamento Marítimo Humanitario GKEagazko lankidetzea)...
Bai, lau erakunde batu gara, alkartasuna, kulturea eta enpresa mundua zein musika arloa buztartuz eta idea ederra da, gure txikitasunetik gauza handia lortzeko bidean. Emoteko, laguntzeko prest gagoz eta gure zeregin horretara ahalik eta jente gehien batzea da asmoa.
8.- Mezurik gizarteari edo duda-mudatan dabilenari?
Ni ez naz inor gizarteari mezurik bialtzeko. Ongintzazko jarduerea da gurea, sano gustora hartu genduan Oronak egin euskun konbita eta, ikusirik hobera baino txarrera egin leikela itsasoko drama horrek, aurrera goaz.
9.- Kontzertuaz gan, jenteak zer topauko dau Albaolan?
Gure kontzertuan musikeaz eta giroaz gozau ez eze, mokadutxua egiteko aukerea be izango da baina hori bazterrean itxita, gogoratu Albaolan izango dala kontzertua eta Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagutzen ez dauenari esango neuskio, hurreratu daitela, leku ederra da, XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplikea egiten dabiz eta gauza asko ikasteko modua dagoala. Ez zarie damutuko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!