Teknologia barrien eta ikus-entzunezko sektorearen arteko hartu-emonak ardatz

Bizkaie! 2018-09-13 09:22   Zinemea

Zinemearen munduan erabilten dabiz bloke-kateak (blockchain), neuroteknologia eta hizkuntzearen teknologiak.

Egunotan sinatu dabe ekimen aitzindaria bultzatzeko lankidetza-hitzarmena Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek, Tecnaliako IKTen zuzendari Joseba Lakak eta eta Petronor-eko presidente Emiliano López Atxurrak.

Etenbarik dago aldatzen ikus-entzunezkoen sektorea, besteak beste, teknologia barriak indartsu sartu diralako. Beste alor batzuetan —bideojokoak, medikuntza...— probau dira tresna horreek, eta orain zinemea dabe aplikazimo-eremu. Zinemearen munduan erabilten dagoz honezkero bloke-kateak, errealidade birtuala eta mistoa, neuroteknologia eta hizkuntzearen teknologiak, eta narratiba desbardina ez eze, negozio-aukera barriak be sortzen doaz industria horretan. Ganera, zinemearen eta IKTetako barrikuntzearen arteko topagune bat eregiteko asmoa dauen jardunaldia jarri dabe martxan; Zinemaldia & Technology dau izena jardunaldiak, eta irailaren 23an da egitekoa, Tabakaleran. Teknologoentzako, zinemagileentzako eta industria zinematografikoko profesionalentzako topagune izango da ekitaldia. Sektore horretara teknologia eroaten dagoan eragile publiko eta pribatuak be batuko ditu jardunaldiak.

José Luis Rebordinosek adierazo dauenez, teknologia barriak zinemea aldatzen dagoz; gailu elektroniko barriek, banaketa-plataformek eta telebistak zinema-jaialdiei eragiten deutsee.

Joseba Lakak azaldu dauenez, barriz, teknologia izango da, gero eta gehiago, produkzino barrien eta euren ustiapen komertzialaren bereizgarri nagusia.

Era berean, López Atxurrak baieztatu dauenez, Zinemaldia plataforma egokia da zinemearen industriari bultzadea emoteko. Zinemearen mundua Euskadiko eskaintza teknologikoaren bezeroa izatea nahi dogu, eta horretarako, aprobetxau behar doguz zientzia eta teknologiaren euskal sistemearen gaitasun guztiak.


J.A. Bayona hizlari inaugurazino-ekitaldian

Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:00ak arte iraungo dau jardunaldiak, eta Juan Antonio Bayona zinema-zuzendariak egingo dau inaugurazino-ekitaldiko berbaldia. Zenbait aurkezpen eta erakustaldi egingo dira, eta puntako teknologia horreen inguruan harreman-sareak lantzeko gune bat be egongo da: bloke-kateak -alda ezin daitekeen datu-base deszentralizatua, erabat aldarazoko dauena eskubideen eta baimenen banaketa kudeaketea-; errealidade birtuala eta errealidade mistoa -ikusle pasibo tradizionala esperientzia barrian sartzen dan ikusle aktibo bihurtzen dabe-; neuromarketina -kanpoko estimuluakazko garunaren erreakzinoak aztertzen ditu-, eta hizkuntzearen teknologia barriak -azpititulazinoko eta itzulpen eleaniztuneko tresnetarako teknika aurreratuak garatzen ditue-.

Jardunaldiaren osogarri, erakunde publikoetako eta enpresa pribatuetako zenbait ordezkari izango dira ekitaldiotan: alor publikoaren eta pribatuaren arteko alkarlana eta teknologiak zinemearen sektoreari dakartsozan aukera barriak.

Sartzea doban izango da. Zinemaldiaren akreditazinoa behar da jardunaldian parte hartzeko, edo, bestela, izena emon behar da Tecnaliaren webgunean (www.tecnalia.com). Esteka horretan bertan dozue ekitaldiari buruzko informazino guztia eta haren agendea.

Ganera, hilaren 25ean, Europaren eta Latinoamerikaren arteko Koprodukzino Foroan, Film Industry & Blockchain mahai-ingurua egingo da, SPRI-ren euskarriagaz. Ivan Gutierrezek, Tecnaliatik, eta Covadonga Fernándezek, Blockchain Mediatik, blockchain-a zinemearen industrian ekarten dauen iraultzearen gakoak adierazoko ditue eta zelan filmak konsumiduten diran era aldatzeaz gan, jaubetza intelektuala babesten lagunduko dau eta onura-banaketa zuzenagoa eta gardenagoa ekarriko dau kontratu adimendunei esker.


Donostia Zinemaldia

1953an sortu zan Donostiako Zinemaldia, mundu osoko zinema-ekitaldi garrantzitsuenetako bat. Lehiaketa-jaialdi ez-espezializatua da Donostiako Zinemaldia; nazinoarteko lehiaketa ofizial bat dauka, baita beste sail honeek be: New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinemea, Nest Film Students, Zinemirea eta Made in Spain. Atzera begirako klasiko bat be antolatzen dau (klasikoa eta/edo garaikidea). Zenbait jarduera antolatzen ditu (Europaren eta Latinoamerikaren arteko Koprodukzio Foroa, Zinema Eraikitzen eta Glocal in Progress, besteak beste), Europako eta Latinoamerikako zinematografietarako erreferentziazko plataforma izan daitezan.


Tecnalia

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da Tecnalia, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, danak be teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalidadea hobetzen saiatzen diranak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.


Petronor

1968an sortu eben Petronor, Bizkaian, zenbait euskal industrialarik, eta aurten dau 50. urteurrena. Espainiako findegirik handiena da, eta urtean 700 miloe eurotik gorako ekarpena egiten deutso Ogasunari. Bizkaiko Muskiz herrian dago Petronorren lantegia, 940 langile ditu, eta, zeharka, beste 6.200 laguni emoten ddeutse lana. Bilboko portuko mobimentuaren % 40 baino gehiago Petronorri zor jako. Enpresearen filosofiaren ezaugarrietako bat bere ingurunearen garapen kulturala da; horregaitik, zenbait ekitaldi babesten ditu, beste zenbait erakunde eta alkartegaz alkarlanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu