Hamalau film labur lehiatuko dira Nest Film Students topaketan

Bizkaie! 2018-09-12 09:59   Zinemea

Topaketearen 17. edizinoa irailaren 24tik 28ra arte egingo da, Tabakaleran.

Nest Film Students zinema-ikasleen nazinoarteko topaketearen 17. edizinoa irailaren 24tik 28ra arte egingo da, 66. Donostia Zinemaldiaren esparruan. Danetara, 305 lan aurkeztu ditue 41 herrialdetako 139 eskolek, eta hamalau film labur aukeratu dira horreen artetik: Alemania, Belgika, Brasil, Txile, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Israel, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublikea, Errusia eta Suitzakoak. Kontua da ze urtebetean % 48 igon dala jasotako film laburren kopurua, eta % 26 handitu dala parte hartu daben eskolen kopurua.


Maisu-eskolak

Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroagaz batera antolatu dabe topaketea, eta mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutzera emotea dau helburu, eurek osotuko dabelako hurrengo zinemagile-belaunaldia. Bost egunez, euren filmak aurkeztera Donostiara etorritako profesional zinematografiko nabarmenen bisitea jasoko dogu: Alexander Payne estadubatuar zinemagileak, Epaimahai Ofizialeko presidenteak, astelehen goizean (irailaren 24an) emongo dau eskola magistrala; Peter Stricklandek, Sail Ofizialean lehiatzeaz gan, Nest topaketan aukeratutako zuzendariakaz berba egingo dau martitzenean, In Fabric filmaren emonaldiaren ondoren (15:00etan); Sophia Antipolis (Zabaltegi-Tabakalera) ikusi eta gero, eguaztenean, irailaren 26an (15:00etan), Virgil Vernierrekin barriketaldia egingo da; Jaime Rosalesek Petra-ri (Perlak) buruz eztabaidatuko dau ikasleakaz, eguenean 15:00etan; eta, azkenik, Albertina Carri argentinar zinemagileak, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko dauenak, ikasleakaz berba egingo dau Las hijas del fuego filmaren emonaldiaren ondoren (11:00etan).

Virgil Vernier zinemagilea, Mercuriales filmaren egilea, Nest topaketearen XVII. edizinoko presidentea izango da ganera.

Bai aukeratutako film laburren emonaldiak bai eskola magistralak be Tabakalerako zinema-aretoan egingo dira. Alexander Payneren eskola magistrala eta ganerako saioak –emonaldia eta zuzendariagaz barriketaldia– erreserbauta dagoz: ikasleentzat, Elías Querejeta Zinema Eskolako ikasleentzat, ikusle kopuru mugatu batentzat (Tabakalerako webgunean emon daiteke izena), eta Zinemaldiaren akreditatuentzat (gonbidapenen bidez sar daitekez). Film laburren emonaldietarako sarrera-txartelak Donostia Zinemaldiaren ohiko salmenta-kanalen bitartez erosi daitekez.

Orona Fundazinoak aukeratutako ikasleez osotutako epaimahai batek, irakasle bat buruan, 5.000 euroko Orona saria emongo dau.

Ganera, parte hartzen daben eskoletako ikasleez osotutako epaimahai batek, Vernier buruan, Panavision saria zein zuzendarik eroango dauen erabagiko dau; irabazleari RED Epic kamera batez eta Primo lente estandarrez osotutako ekipamendu osoa lagako jako lau astez filmaketa lanak egin daizan, edo 10.000 euroko kreditua emongo Panavisionen edozein material alokatzeko.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak alkarregaz antolatzen dabe Nest Film Students, eta Donostia 2016 Europako Kultura Uriburuaren legatuaren parte da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu