'Otxar Urban Lab' martxan
2018-09-11 09:30 KultureaBilboko Otxarkoaga auzoan Euskadin aitzindaria dan uri-barriztapenaren ganeko ikerketa laborategia abiarazo dabe.
Eusko Jaurlaritzeak eta Bilboko Udalak Bilboko Otxarkoaga auzoan Euskadin aitzindaria dan uri-barriztapenaren ganeko ikerketa laborategia abiarazo dabe. Otxar Urban Lab-en jarduerea hasteko, Lurralde eta Uri Ikasketarako Euskal Eskoleak (EVETU) uri-birgaitzeari eta barriztapenaren ganeko ikastaroa emongo dau, behargin publiko eta profesionalei zuzenduta, batez be arkitekturearen eta injinerutzearen arlokoei.
Ekimena Bilboko Udal Etxebizitzak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Otxarkoagan egingo daben eraikinen uri-birgaitzearen eta barriztapenaren ganeko proiektu handinahiaren barruan kokatzen da; proiektuak 7 miloe euroko aurrekontua dauka.
Iñaki Arriolak eta Alfonso Gilek Otxarkoaga, alkarte-egiturearen inplikazino zuzenaren bidez, gizartean jasangarria dan ekoauzo bilakatu nahi dauen akordioaren balioa nabarmendu dabe.
Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateordeak Otxar Urban Lab-en egoitzea izango dan eraikina bisitau dabe; uri-barriztapenari buruzko ikerketa-espazio barria izango da, Bilboko Otxarkoaga auzoan. Espazio barri hori laborategi esperimentala, edegia eta partekatua izango da; bertan, ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-formulak bilatuko dira, Bilboko beste gune batzuetara eta Euskadiko beste udalerri batzuetara eroan daitekeen berezko lan-metodoa diseinau eta, bertan, uria birgaitzeko eta barriztuteko estrategia martxan jarteko.
Eraikina BBK-k laga dau, eta, datozen hileotan, Bulego Teknikoaren eta Hurrekoaren egoitza bilakatuko da, eta, horren bidez, auzoan bertan kudeaketak egin ahalko dira eta herritarren parte-hartzea eta Otxarkoagako gizarte-egiturea egiten diran jarduera guztietan inpliketea bilatuko da. Era berean, espazioan bertan auzoko personen prestakuntzarako eta enplegagarritasuna hobetzeko neurri eta planak abian jartea aurreikusten da.
Ekimena Otxarkoagan datozen lau urteotan egingo daben eraikinen uri-birgaitzeari eta barriztapenari buruzko proiektu handinahiaren barruan kokatzen da; proiektuak 7 miloe euroko aurrekontua dauka; horreetatik 4.675.000 euro Eusko Jaurlaritzearen kargura izango dira, eta Udal Etxebizitzak 2.477.000 euroko inbersinoa egingo dau.
Iñaki Arriolak esan dau 35 urte baino gehiago daroaguz etxebizitzak birgaitzeko laguntzinoak emoten, eta bizitegi-eraikinak hobetzeko jarduketa-kopuruari jagokonez emoitza oso positiboa izan da. Baina ez da nahikoa izan ze ezin dogu gauza bera esan auzo ahulen inbentarioak emoten dituan datuen gainean; horreetan, euskal herritarren % 31 bizi da. Uriari barriztapen integrala egiteko ordua heldu da, ingurumen-hobekuntzea, suspertze ekonomikoa eta jentearen kohesino eta integrazino soziala be kontuan izango dituana.
Bestalde, Alfonso Gilekondokoa adierazo dau: Udalak herritarren partaidetzeagaz uria eraldatzeko prozesu dinamikoen aldeko apustu argia egiten dau. Otxarkoagan gauzatuko dan proiektuaren eta horren antzekoen helburua da: uriaren egiturearen baldintza fisikoak optimizau, eta, batez be, personen bizi-kalidadea hobetzea, gizarte eta lurralde kohesinoaren aldeko neurrien bitartez, hain zuzen, uriko ekonomiaren barriztapena, enplegua sustatzea eta jarduera eta ekintzailetza-nitxo barriak bultzatzeko asmoa dabenak.
Danetara, datozen 4 urteotan, esku-hartzeak 240 etxebizitzatan izango dau eragina, auzoko 16 ataritan eta 3 kaletan (Irumineta, Txotena eta Larrakoetxe). Orain arte, 2017ra arte, auzoan lanak egin dira, lau eraikinetan hobekuntza-lanak egin baitira, guztira 228 etxebizitzatan.
Gizarte eta kultura eta merkataritza-jarduerak izango dituan espazioa be egongo da, Txotena kalean. Gaur egun erabilten ez diran eraikin bi birgaituko dira eta horreen artean eregiko dan plaza publiko estaliaren bidez konektauko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!