Aktore eta zinemagile ugarik Donostiara etorriko dirala baieztau dabe
2018-09-07 13:41 ZinemeaAlexander Payne izango da Sail Ofizialeko epaimahaiko presidentea.
Donostiako Zinemaldiaren antolatzaileek goi mailako zinemagile askoren izenak ipini ditue mahai ganean, 66. edizinoa aurkezteko agerraldian. Batetik, baieztau dabe Donostia Saria irabazi daben hiru artistak Donostian izango dirala oroigarria hartzen. Judi Dench, Danny DeVito eta Hirokazu Koreeda dira.
Bestetik, euren film barriak aurkeztera etorriko dirala baieztau dabe beste aktore eta zuzendari ugarik. Juliette Binoche, Laetitia Casta, Timothée Chalamet, Ricardo Darín, Lily-Rose Depp, Ryan Gosling, Claire Foy, Mercedes Morán, Robert Pattinson eta John C. Reilly aitatu ditue antolatzaileek, besteak beste. Gaur egungo zinemagintzearen zuzendari garrantzitsuenetako batzuek Perlak eta Zabaltegi-Tabakalera sailetan hartuko dabe parte: Jacques Audiard, Alfonso Cuarón, Bruno Dumont, Lucile Hadzihalilovic, Mamoru Hosoda, Nadine Labaki eta Felix Van Groeningen.
Talentu barria be erakarriko dau 66. Zinemaldiak. Mia Goth gaztea eta Angelo filmeko aktoreak (Makita Samba, Alba Rohrwacher eta Larisa Faber) nabarmendu ditue. Horrezaz gan, Tuna Novotny aktoreak, oraingo honetan, zuzendari lanetan egin dauen lehenengo filma aurkeztuko dau, Annihilation.
Latinoamerikako zinemeak ordezkaritza zabala izango dau, ohiko moduan, eta Ricardo Darín eta Mercedes Morán, Juan Veraren El amor menos pensado inaugurazino-filmaren protagonistak, izango ditu buruan. Sail Ofizialean, ganera, Le cahier noir aurkeztuko dau Valeria Sarmiento zuzendari txiletarrak. Perlak sailari jagokonez, Donostian izango dira Lorenzo Ferro, Chino Darín eta Morán bera, Luis Ortega zuzendariaren El Ángel aurkezteko, eta gauza bera egingo dabe Ciro Guerra eta Cristina Gallego zinemagile kolonbiarrek Pájaros de verano pelikuleagaz. Marcelo Martinessi zuzendari paraguaiarra be etorriko da.
Espainiako zinemagintzearen ordezkari izango dira, bestetik, Sail Ofizialeko artista ugari: Rodrigo Sorogoyen, Antonio de la Torre, Bárbara Lennie, Ana Wagener, Nacho Fresneda, Carlos Vermut, Najwa Nimri, Eva Llorach, Carme Elías, Natalia de Molina, Enrique Urbizu, José Coronado, Daniel Grao, Elisabeth Gelabert, Iciar Bollain, Paul Laverty, Isaki Lacuesta, Isa Campos, José Luis Cuerda, Blanca Suárez, Roberto Álamo, Arturo Valls, Carlos Areces, Raúl Cimas eta Joaquín Reyes.
Ekialde Urrunetik be helduko dira sortzaileak. Donostia Saria emongo deutsie Hirokazu Koreeda japoniarrari eta Hego Koreatik Eric Khoo etorriko da Culinary Zinema sailean parte hartzeko. Horreei gehitu behar jakez Seiko Matsuda, Gang Dong-Won, Masatoshi Nagase eta abar.
Epaimahaiak
Donostiako 66. Zinemaldiko sarituak nortzuk izango diran erabagiko daben epaimahaien barri be emon dabe antolatzaileek. Sail Ofizialean, Alexander Payne zuzendari amerikarra izango da epaimahaiburu eta honeek izango ditu alboan: Nahuel Pérez Biscayart, Rossy de Palma, Francesca Cima, Agnes Johansen eta Bet Rourich, baieztau barik dagoan zazpigarren epaimahaikide bategaz.
Zabaltegi-Tabakalera Sailean, Santos Zunzunegi eta Filipa Ramos izango dira epaileak. Euskal Zinemearen Irizar Sariko irabazleak aukeratzen Karmelo Vivanco, Amaia Revuelta eta Olga Cruz ibiliko dira.
Horizontes Sariko epaimahaian Eugenia Mumenthaler, Adriana Paz eta Fernando Franco egongo dira. Zuzendari Barriak atalekoan, Katrin Pors, Diego Lerman, Imma Merino, Nashen Moodley eta Léa Mysius.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!