'Bad Times at the El Royale' filmak zarratuko dau Sail Ofiziala

Bizkaie! 2018-09-06 12:20   Zinemea

Lehiaketaz kanpo proiektauko dabe Drew Goddard zuzendariaren lana.

'Bad Times at the El Royale' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

66. Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofiziala zarratuko dauen filma Drew Goddard amerikarraren Bad Times at the El Royale izango da. Pelikulearen munduko estreinaldia izango da, ganera, Donostiakoa. Izan be, Klausura Galan ikusi ahal izango da lehenengo aldiz. Sail Ofizialaren parte izango dan arren, lehiaketaz kanpo aurkeztuko dabe Bad Times at the El Royale.

Drew Goddardek zuzendutako bigarren film luzea da honako hau. Lehenengoa The Cabin in the Woods saritua izan zan, 2012an. Dana dala, zinemagintzearen beste zeregin batzuetan esperientzia luzea dauka: Cloverfield (2008), War World Z (2013) eta The Martian (2015) pelikulen gidoiak idatzi eta, besteak beste, Lost eta Alias telesailak produzidu ditu Goddardek.

Bad Times at the El Royale pelikulan aktore ezagun ugari izan ditu Goddardek bere aginduetara, protagonisten aldetik istorio korala da eta. Chris Hemsworth, Dakota Johnson, Cynthia Erivo eta Jon Hamm aitatu leitekez, baita Donostia Saria irabazita daukan Jeff Bridges be.

Estadu Batuetako Tahoe lakuaren ertzeko hotel zahar bateko jazoerak kontetan ditu filmak. Zazpi ezezagun alkartuko dira han, bakotxa bere sekretu iluna izkutatzeko asmoz. Gau baten erredentzinorako aukerea helduko jake, dan-dana pikutara joan aurretik.

Klausurako Galan, hortaz, mundu mailako estreinaldi batez disfrutetako aukerea izango dau publikoak, aurtengo sarituak nortzuk izango diran jakiteaz gan. Irailaren 29ko gala horretarako sarrerak salgai dagoz dagoeneko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu