Durangoko Azokako erakusmahaiak alokatzeko epea zabalik
2018-09-05 13:09 Euskerea berbagaiInteresdunek irailaren 30era arte egin leikie eskabidea.
Abenduaren 5etik 9ra egingo dabe 53. Durangoko Azokea Landakon eta, hiru hile falta diran arren, prestakuntzak egiteko momentua da. Erakusmahaiak ipinteko asmoa daben argitaletxe, diskoetxe, produktore, erakunde, banatzaile eta autoekoizleek orain egin behar dabe eskabidea. Irailaren 30era arteko epea dabe horretarako.
Euren produktuak Durangoko Azokan erakutsi eta saldu nahi dituenek hainbat aukera ditue horretarako: Erakusmahai osoa, erdia edo partekatua kontratau leitekez. Eskaera online egin behar da Durangoko Azokearen webgunean, Nire Azoka atalean erregistrauta.
Ganera, Gerediaga Alkarteak eskualdeko sortzaile, alkarte eta erakundeei Azokan euren produktuak erakusgai eta salgai jarteko aukerea emoten deutse, ezelako kostu barik. Helbide fiskala Durangaldeko udalerriren baten izan behar dau eskatzaileak eta produktu guztiak Durangaldeko argitalpenak atalean erakutsiko dira. Izena emoteko Gerediaga Alkartera jo behar da.
Hortaz, erakusmahaiak antolatzen ibiliko dira Durangoko Azokako arduradunak eta erakusleak hurrengo asteetan. Urriaren 1ean, ostera, Ikasle Eguneko jardueretan parte hartu ahal izateko epea zabalduko dabe antolatzaileek, ikastetxe eta hezkuntza zentroei bideratuta. Lehenengo egunean, abenduaren 5ean, izango da Ikasle Eguna. Euren lanak zuzenean aurkeztu gura dituen artistek be, urriaren 1etik egin ahal izango dabe eskabidea.
Amaitzeko, antolatzaileek gogora ekarri dabe Sormen Bekearen lehenengo edizinoa martxan dagoala. Euskerazko sorkuntzea sustatzeko eta sortzaile barrien lanak ezagutzera emoteko asmoz egin dabe deialdia, eta proposamenak aurkezteko epea irailaren 21ean amaituko da. Aurtengoan literaturea izango da oinarri eta 15.000 euroko laguntzinoa jasoko dau proiektu irabazleak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!