Kontzertua & Proiekzinoa: Pasealdia zineman barrena

Bizkaie! 2018-09-05 11:18   Zinemea

Ikuskizunak hamar pelikula ingururentzat ondutako musikearen egokitzapenak batuko ditu.

Pasealdia zineman barrena Belodromoan: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazinoak eta Donostia Zinemaldiak bideratutako zine-musikea kontzertuan eta pelikula-eszenen emonaldia.

66. Zinemaldian Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko dauen zine-musikako kontzertua aurkeztu dabe Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazinoak eta Donostia Zinemaldiak. Aurten be, Zinemaldiko lehen zapatuan, eguerdian iedegiko da Belodromoa melomano, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horreen pelikula-eszenen muntaketea buztartzen dituan ikuskizunerako. Ordu eta erdiz, irailaren 22an, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrerea dobakoa izango da.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotzen doa Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenategi gogokoena da. Aurten Fernando Velázquez bizkaitar musikagile eta orkestra-zuzendariak zuzenduko dau Orkestrea, zinemearen eta soinu-banden topaketa jentetsuan. Berak eragin eban, hain zuzen, 2012an Orkestrea Donostia Zinemaldiko egitaraura itzultzea, Lo imposible (J.A. Bayona) filmaren soinu-bandea zuzenean estreinauta.

Aurtengo Kontzertua & Proiekzinoak, ‘Pasealdia zineman barrena’ izenburudunak, hamar pelikula ingururentzat ondutako musikearen egokitzapenak batuko ditu. Eskainiko diran musika-piezen erdiak Velázquezek berak konposatu ditu, izan be, ondorengoen soinu-bandak harenak dira: Zipi y Zape y la isla del capitán (Oskar Santos), Gernika (Koldo Serra), El secreto de Marrowbone (Sergio G. Sánchez), Contratiempo (Oriol Paulo) —Zahara kantautorerekin batera konposatua— eta Un monstruo viene a verme (Juan Antonio Bayona). Hain zuzen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak grabau eban Un monstruo viene a verme filmaren soinu-bandea, eta 2016ko Donostia Zinemaldian egin zan film horren Europako estreinaldia; partitura horri esker, Velázquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu eban.

Kontzertu barri honetarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Kup Taldea abesbatza konbidau dau: eurak izango dira Zipi y Zape, Gernika eta Contratiempo filmetan. Ganera, Zahara kantautoreak Contratiempon parte hartuko dau, baita Go!Azen pelikulako hiru kantarik be (Iholdi Beristain, Ainhoa Larrañaga eta Aritz Mendiola).

Joan dan urteetan legez, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musikea pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzinoagaz buztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Carlos Rodríguezek (Morgancreakoa) sortu dau kontzertu honetarako. Ganera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan euren lana aurkeztera.

Sartzea doban da, eta nahikoa dozu konbita irailaren 15etik 21era Donostiako Zinemaldiaren Kursaaleko eta Okendo plazako informazino-puntuetan jasotea, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik zapatura 9:00etatik 20:00etara, eta domekan, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10:00etatik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu